Elkarrizketatzaileak: Uxue Murua eta Alazne Senperena
Lan boluntarioko elkartea: Azpeitiako Bilgune Feminista
------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Amaia Agirretxe (1991, Azpeitia) Azpeitiako Bilgune Feministako kidea da.
Mugimenduak hamaika urte bete ditu aurten eta berak jada lau daramatza.
Kontzientziazio lan bat egiteko hezkuntza klabea dela pentsatzen du, azkenean
etorkizuna hortik etorriko baita.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Bilgune Feministaren sorrera noiz izan zen?
Duela hamaika urte sortu zen eta pixkanaka aurrera pausuak ematen ari gara.
Ezker abertzalearen baitan, emakumearen estrategiaren parte izango den elkarte
bat sortu zen, hau da, Bilgune Feminista. Honen bilakaera oso luzea da eta
Euskal Herrian bertan ere aspalditik datorren zerbait da, nahiz eta
frankismoarengatik eta beste zenbait errepresiorengatik isilarazita egon den.
Zenbat denbora daramazu honetan?
Badira urte batzuk Bilgune Feminista eta horrelako mugimenduetan parte
hartzen hasi nintzela. Zehazki esaten ez nuke jakingo, baina badakit nire
feminismoarekiko interesa hamasei- hamazazpi urterekin edo hasi zela. Orduan
hasi nintzen pixka bat irakurtzen eta pentsatzen ea zergatik gertatzen
zaizkigun gauza batzuk eta ez beste batzuk. Gero, hemezortzi urte ingururekin,
antolakunde feminista batean sartu nintzen eta urteetan zehar leku ezberdinetan
koordinakunde eta mugimenduetan parte hartzeko aukera izan dut. Beraz, nik uste
dut feminismoan interesatuta lau urte inguru badaramazkidala, eta oso gustura
gainera.
Eta zer egiten duzue? Zergatik egiten duzu?
Nik
uste dut mugimendu feministaren baitan lehenik eta behin kontzientziazio lan
bat egin
behar dela. Guk ikusten duguna da sistema honek ez gaituela berdin
tratatzen gizon eta emakumeak. Argi dago emakumeak bigarren plano batean uzten
gaituztela, hori oso modu ezberdinetan islatzen delarik. Gure borrokaren
oinarria desberdintasun horiek gainditzea izango litzateke, horretarako
emakumeon boterea baliabiderik garrantzitsuena izanik, hau da, elkarrekin
indarrak hartzea.
Zure ustez, lan hau, boluntario lan egitea izango litzateke?
Nik ez nuke boluntario bezala definituko, nik boluntariotza elkarte edo ONG
batekin identifikatuko bainuke. Gure lana militantzi arlo batekin lotuko nuke,
azken batean guk egiten dugun lana borroka horretan sinesten dugulako egiten baitugu,
hau da, antolakunde baten idealarekin eta baloreekin sinesten dugulako. Benetan
borroka honetan sinetsiko ez bagenu, ez ginateke horrela arituko. Izan ere,
Bilgune honetan gaudenok, gizarte honen benetako beharrizan bat ikusten dugu,
honi irtenbide bat eman nahian dihardugularik. Horregatik, jakina denez, lan
hau egiteak pertsonalki deskriba ezina den zerbait sentiarazten digu.
Pentsamendu ideala aipatu duzu, zuretzako zer izango litzateke ideala?
Lehenik eta behin, ezinbestekoa iruditzen zait gizarte honetan
bereizketarik ez egotea, hau da, genero dikotomi hori gainditzea. Trataera
aldetik ere, emakume jaio izanagatik ez genituzke eskubide gutxiago izan behar,
ez genituzke zenbait rol atxikita eduki behar... milaka adibide daude baina
azken batean parekidetasun batera iritsi nahi dugu. Bide horretan, noski,
historikoki zapaldua izan den emakumearen generoaren eraldaketa feminista bat
behar dugu, bai eskubide aldetik eta bai pertsonak garen heinean berdintasun
esparru bat egon dadin. Berdintasuna haratago doa, denok pertsonak gara eta
askatasun bat behar dugu.
Ardura handia dela iruditzen zaizu edo ez duzu ardura bezala hartzen
gustura egiten duzun zerbait delako?
Nik uste dut ez dela antolakundearekiko ardura bat, baizik eta pertsona
moduan hartu beharreko ardura bat. Feminismotik jaso dudan ekarpenik handiena
mundua ikusteko beste ikuspegi bat dagoela izan da, betaurreko more batzuk
janztea eta horiekin mundu guztia aztertzea. Ardura hitza kanpotik datorkigun
zerbaitekin lotzen dut, baina gure kasua ezberdina da, egiten duguna guk geure
buruarekiko dugun konpromiso bat bezala hartzen baitugu. Nik zein mugimendu
honetako beste kideek borroka horretan sinesten dugu, horregatik, konpromiso
horretan irmo azaleratzen gara.
Bilgune horrek zein arau edo funtzionamendu dituela esango zenuke?
Nik ez
nuke arauez edo funtzionamenduez hitz egingo, balore batzuk ditu eta
antolakunde nazional bat den heinean antolatzeko modu batzuk dauzka, batzuetan
herrietan, besteetan eskualdeetan, zenbaitetan maila nazionalean... antolatzen
dena. Bilgune Feminista denez, emakumeak bakarrik elkartzen gara, nahiz eta
gaur egun oraindik ere gizartearen parte batek ez duen hori ulertzen (edo ez du
ulertu nahi). Horregatik, nik pertsonalki emakumeak gonbidatuko nituzke elkarte
hauetara, sarritan gu konturatu gabe edo konturatuta gizonaren presentziak asko
eragiten baitu bai guregan eta baita gure jarreretan ere. Emakumeak bakarrik
gaudenean edota gehiengoa gizonezkoa denean gure jarrera erabat aldatzen da.
Horregatik, Bilgune Feminista emakumearentzako esklusiboki sortutako
antolakunde bat da, baina militantzia hori emakumearena izateak ez du esan nahi
gizarteko beste sektoreek parte hartu ezin dutenik. Azken batean antolakunde
honek bere izaeran ezaugarri edo balore batzuk ditu, ikuspegi feminista bat
jorratzen da, indarkeria eta beste hainbat arloren artean. Bilgune honetan,
milaka gauza ezberdin egiten ditugu, gure borroka hainbat arlotan banatzen
baita, betiere ikuspegi feminista batetik abiatuz. Horregatik, beste ildo
estrategiko batzuekin ere kontatzen dugu, feminismoaz gain ekologia, ekonomia …
landuz.
Horren harira, saiatzen zarete Bilgune Feministara besteak erakartzen edota
besteengana zabaltzen hauek elkartean sartzera anima daitezen?
Gureganako
sentsibilitatea dutenentzako elkarte zabala gara. Batetik, antolatzen diren
jardueretara gerturatzen bazara eta benetako interesa erakusten baduzu ez duzu
inolako arazorik izango Bilgunean sartzeko. Bestetik, antolakunde feminista bat
izateaz gain, Ezker Abertzalean kokatzen den antolakunde bat ere bada eta honen
helburu estrategikoekin bat egiten du.
Nik ulertu dezakedana da nahiz eta pertsona batzuk feministak izan, beste
helburu estrategiko horiekin ez dutela bat egiten, beraz, Bilgune Feminista
batean sartu ordez beste antolakunde feminista batzuk sor ditzaketela edo
nonbait sartu daitezkeela uste dut. Horrek ez du kentzen gurekin elkarlanik
egin ezin dezaketenik edota herri honen iraultza feminista batera bidean ezin
dezakegunik elkarrekin lan egin. Beraz, azpimarratu nahi nuke ate denak irekita
daudela, eta gainera elkarrekin arituz borroka are eraginkorragoa izango litzatekeela
uste dudala.
Orduan, beste bilgune horiekin batera lan egiten duzue?
Euskal Herrian Koordinakunde Feminista bat dago eta bertan biltzen dira feminismoaren
inguruan lanketa egiten duten antolakunde ezberdinak: LGBT (Lesbiana, Gay,
Bisexual, Transexual), emakume asanbladak … Azpeitian adibidez badago emakumeen
mahai bat izango litzatekeena, emakume edo parekidetasun txokoa ere bai.. beste
antolakunde feminista pila bat daude nahiz eta emakumeez bakarrik osatuta ez
egon. Beraz, garbi izan behar duguna da zein diren helburuak, horrela helburu
hori lortzeko bidean indarrak batuz.
Uste duzu gaur egungo gazteak boluntario lanean bere denbora librea pasatzeko
prest daudela?
Berez
gazteriak inkonformista eta errebeldea izan behar lukeela pentsatzen dut, baina
sistema honen erruz gaur egungo gazteriaren sektore bati gehiago interesatzen
zaio Facebook bezalako sare sozialetan egotea. Oraindik ez dago potentzial bat
nahi den hori lortzeko boterea dagoela erakusten duena, hau da, gazteria
zerbait alda dezakeela kontzientziatzen denean mugitzen da. Egun, ordea,
gazteriari sinestarazi zaio ez dela aldaketarik egiteko gai eta partxis honetako
pieza bat gehiago balitz bezala hartzen da. Partxiseko pieza hori, tamalez,
goitik mugitzen delako sentsazioa dago. Pieza hori bere kasa mugitu daitekeela
konturatzen denean, ordea, antolatuz gero hau irabazi dezakegula edo buelta
eman diezaiokegula konturatzen da, eta nik uste orduan hasten dela gaztea
mobilizatzen.
Zorigaitzez, oraindik sektore handi bat ez da horretaz ohartu, baina
badaude beste hainbat sektore lana egiteko prest daudenak, bere adostasun ezak
erakutsiz. Nire ustez ez da soilik militante izatea edo egunean ez dakit zenbat
ordu pasatzea, ikastetxera joan eta bertan gertatzen den zerbaitekin ados ez
baldin bazaude eta protesta bat egitea erabakitzen baduzu jada kontzientzi bat
sortzen da. Esaterako, gure eskubideengatik borroka egiten hasten garen
momentuan kontzientzi bat sortzen hasten da eta kontzientzi horrekin dator
ondorengo lan guztia. Beraz, kontzientziaziorik gabe ez dago borrokarik.
Gazteei buruz aritu gara, zuk uste duzu helduen artean ere jarrera berdina
dagoela edo helduak parte-hartzeko prestutasun handiagoa dute?
Helduen
artean ere denetarik dago, baina lehen gazteengatik esan dudan moduan, gazteek
orokorrean inkonformistak izan behar lukete, pertsonak zenbat eta helduago izan
erosotasunera ohitzeko joera handiagoa izaten baitu. Bestalde egia da lotura
gehiago izaten dituztela, azken batean famili bateko ardura izaten dute,
hainbat gauza aurrera atera behar izaten dituzte eta ondorioz zailago egiten da
beste borroka batzuetarako denbora ateratzea. Hala ere, nire iritziz “txip”
hori aldatu behar dugu eta egunean hamar ordu lan egiten ari bagara eta beste
hainbat ordu etxean lan egiten baditugu, borroka batzuen bidez horri ere buelta
eman diezaiokegula pentsatu behar dugu.
Horren garrantzia azpimarratu behar dugula eta eraldaketa hori gizarteko adin
tarte guztietan eman behar dugula pentsatzen dut. Adibidez, gaur egun etxeko
langile diren emakumeetako askok kalean ez dute langile errekonozimendurik,
aldiz mugimendu feministatik emakume horiek langileak direla eta beraien
ardurak beteko ez balituzte sistema hau kolapsatu egingo litzatekeela argi eta
garbi esaten dugu. Beraz, berriz ere lehengora bueltatuz, kontzientziazio lan
bat egin behar dugu, gure aitortza hau emateko, benetan erakusteko zenbat gauza
egiten ditugun eta kalera atera gaitezen sistema honi buelta bat emateko.
Zure ustez lehen gehiago borrokatzen zen orain baino?
Gaur
egungo gazteei gauzak eginak eman zaizkie eta gure gurasoak beti azpimarratzen
duten zerbait izan da beraien bizitzak aldatzeko borroka egin behar izan
zutela, eta bai, egia da. Baina, gu ere ari gara borrokan eta nik uste dut gaur
egun gazteriaren inguruan dagoen ikuspuntua, hau da, pasiboak garela, ez dela
egia erakutsi behar dugula, gu ere ari baikara gure gauzak lortzen. Bestalde
esango nuke, sistema dela pasibo egin nahi gaituena, hau da, sistemari gu
kalera ez irtetea interesatzen zaiola. Gainera, gure gizartearen interes
handienak politak egotea eta parrandan non irten behar dugun erabakitzea,
telefono mugikorrekin ibiltzea … dira. Hau da, guretzako zoriontsu izateko
baloreak beste maila batean jarri dizkigute , baina egoera honek kontzientzi
bat hartzeko balioko digulakoan nago. Eta bai, posible da garai batean gehiago
borrokatzea, baina egun gazte indar bat dagoela eta hau antolatzeko gaitasuna
badaukagula pentsatzen dut.
Ezin dugu helduek gugatik esaten dutenaren zain egon, baizik eta honi
buelta bat ematen saiatu behar gara.
Pasa berri da Martxoak 8, zer duzu egun horri buruz esateko?
Martxoak
8, Emakume Langileen Nazioarteko Eguna. Lehengo batean eztabaidatzen aritu ginen
ea langileena izan beharko lukeen edo ez. Lehen esan dizudan moduan, nire ustez
emakume guztiok gara langileak. Hau alde batera utziz, martxoak 8 niretzako oso
egun garrantzitsua da, baina iruditzen zait leku batzuetan “amaren eguna” bihurtzen
ari dela. Iaz, esaterako, atzerrian egon nintzen denboraldi batez eta
martxoaren 8an ikusi nuen bertako gizonak emakumeei opariak egiteko antolatzen
zirela eta izugarrizko loreak botatzen zizkieten “zu gabe ez naiz ezer!” eta
horrelakoak. Harrituta geratu nintzen, izan ere, ospakizun egun bat da
emakumeok gure eskubideak lortzearren borrokatu garelako eta azkenean lortu
ditugulako, baina batez ere aldarrikapen egun bat da eta oraindik asko daukagu
egiteko.
Nik uste dut oso garrantzitsua dela martxoaren 8an kalera irtetea, baina
martxoaren 8 bat dugulako ezin gara urte guztian lasai egon. Egun hau ospakizun
eta aldarrikapen egun bat da baina borrokak urte guztian egon behar du. Nik
uste martxoak 8 ondo dagoela baina ezin garela horretan bakarrik gelditu,
adibidez, egun horretara begira gauza asko antolatzen dira urtero eta niri
grazia egiten didana da hor ikusten ditugula hainbat politiko argazki batean
berdintasunaren alde eta abar baina gero guztia gezurra da. Guztia
aurpegi-zuritze bat da eta horri ere betaurreko moreekin begiratu behar diogu.
Emakumeok gure artean antolatzeko iniziatiba hartu behar dugu, protagonismoa
guregan jarriz. Zenbait galdera egin behar dizkiogu geure buruari: Zer egin
dugu orain arte? Zer daukagu egiteko? Zer egin nahi dugu? Nola sentitzen gara?
Objektu izatetik subjektu izateko pausu hori oraindik egiteko daukagu eta
horretarako martxoaren 8a bezala urteko beste egun guztiak ezinbestekoak dira.
Azpeitian, zuen elkartetik ekintzarik antolatu zenuten martxoak 8 egun horretarako?
Bai,
martxoaren 8ra begira aste bat antolatu zen. Astean zehar antolatu zirenak
honakoak izan ziren: Zineklubekin batera zinema emanaldi bat egon zen,
gaztetxekoekin batera beste ekintza bat egon zen, Elkarrekin-en eskutik ekonomialari
feminista batek eskainitako hitzaldi bat egon zen... Elkarrekin Azpeitian sortu
den talde bat da, bizitza sozioekonomikoaren inguruan lana egiten duena.
Martxoaren 8a ostirala izan zen eta arratsaldeko zazpietan kontzentrazio bat
egon zen, ondoren bertsolariekin trikipoteo bat, gero emakumeen afaria egin zen
eta egia esan adin tarte ezberdinetako berrogei bat emakume elkartu ginen.
Hurrengo egunean autoformakuntza saioa eduki genuen eta oso bitxia izan zen,
azken batean horrelako ekimenak herriko emakume ezberdinok elkarrengandik ikas
dezakegulako egiten baititugu. Bukatzeko, igandean “gezurrezko printzea”
izeneko antzerki bat egon zen, egia esan oso polita.
Aste sendoa izan bazen ere, ez gara aste horretan bakarrik mugitu behar.
Geroz eta gehiago entzuten dugu genero indarkeriaren ondorioz emakumeak
hiltzen dituztela. Uste duzu hori aldatzerik egongo litzatekeela?
Bai,
baina arazo horren oinarria nire ustez, emakume bat erailtzen denean kasu
isolatu bat bezala hartzen dugula da. Horri buelta bat eman behar zaiola uste
dut, indarkeri hori estrukturala da, ez da kasualitatea beti gizonak direla
emakumeak hiltzen dituztenak. Ez da kasualitatea. Eta gizonak emakumeak
erailtzera ausartzen badira, botere harreman bat dagoelako da, gizonezkoek
sinesten dutelako beraiek dutela boterea emakumearengan. Ez da bakarrik
erailtzera iristea, urtean hamar pertsona erailtzen dituzte Euskal Herrian eta
nahikoa da, aski da, baina erailtzera iritsi gabe ere beste milaka kasu ematen
dira, esaterako tratu txarrak. Eta oraindik ere komunikabideetan gizonen aldeko
justifikazioak ematen direla ikus dezakegu, egoera horiekin harritu egiten garela
dirudi, baina gauzak ez dira horrela. Indarkeria oso erraietan daukagu eta
gizartean sistema patriarkalak oso errotuta dauka indarkeriaren zentzu hori.
Honi buelta bat eman behar badiogu, hezkidetzan oinarritutako heziketa
batetik hasi behar dugula pentsatzen dut eta egoera hau erabat aldatu behar da.
Nik ez nuke esango gaur egun erailketa gehiago daudenik, posible da baietz,
baina nire ustez orain gehiago dira salatzen direnak.
Zer uste duzu egin behar genukeela hori alda dadin?
Hasteko,
horrelako kasu bat dagoenean edo zerbaiten susmoa badugu, edo lagun batek
zerbait kontatzen badigu, inguruko zerbait bada, txutxumutxuak alde batera utzi
eta pertsona horrengana inguratu eta gure babes adierazi behar diogula uste
dut, baina bere amaren lana egin gabe. Adierazi behar dioguna da, berarekin
gaudela, entzun egin behar zaio eta babesa eman behar diogu. Nik uste dut,
pertsona horiek behar dutena pertsona heldu modura tratatuak izatea dela.
Askotan, salaketa jartzea eta horrelako iskanbilak oso zailak izaten dira.
Bestalde, Ertzainetara joatean izugarrizko momentua pasarazten dizute eta gainera
zelatari bat jartzen dizute, hau da, zuk jasaten dituzu tratu txarrak eta
gainera zu zelatatzen zaituzte, ez dute zelatatzen erasotzaile izan dena.
Nik
uste sistema guztiari eman behar zaiola buelta, baina guk geuk batetik
elkartasuna adierazi, salatzen lagundu eta babesa eman behar diegu. Batzuetan
monopolizazio bat ematen da, nire ustez, gizonak indarkeria fisikoaz gain
indarkeria psikologikoa asko erabiltzen du eta emakumea ezeztatzera ere heltzen
da, hau da, ezertarako gai ez dela sinestaraztera. Gure lana izango litzateke,
ez feminista bezala, baizik eta pertsona bezala, laguntza bat ematea eta
egoerari buelta emateko aukera eskaintzea, hau da esku bat eta laguntasuna
ematea. Bestetik, oso garrantzitsua iruditzen zait txikitatik beste eduki
batzuk lantzen hastea, lehen esan dudan bezala, hezkidetzan heziz eta orokorrean
gizarteko hainbat aspektu aldatzen joanez, pixkanaka baina errotik.
Publizitate guztia aldatzea eta mila gauza, oraindik sistema honek botere
harremanak birproduzitu egiten baititu.
Orduan, hezkuntzatik hasita, ikastetxeetan neurri batzuk hartu behar dira?
Bai, ezinbestekoa eta oinarrizkoa dela uste dut. Noski, ezin duguna egin
da, hezkuntzan aldaketa batzuk ematen direlako horrekin bakarrik konformatu.
Hezkuntzak lagunduko digu etorkizuna aldatzen baina eskoletan bakarrik ez denez
haurra hezten familietan, komunikabideetan, gizartean bertan, igerilekura
goazenean, tabernetan … azken batean leku guztietan eman behar dira aldaketak.
Baina hala ere, kontzientziazio lan bat egiteko hezkuntza dela klabea pentsatzen
dut, azkenean etorkizuna hortik baitator.
Lehengo gaira bueltatuz, zuk uste duzu gazteok orain indarkeriaren inguruan
kontzientziatuagoak gaudela?
Nire ustez, gaur egungo gazteek oso erraz identifikatzen dute esaterako oso
gaizki dagoela emakume bati zaplazteko bat ematea, bortxatzea … baina
indarkeria hortik haratago doa, ez da hori bakarrik. Indarkeria jasaten dugu
noiz edo noiz kaletik joan eta entzun nahi ez ditugun gauzak entzuten
ditugunean, etxera bakarrik joateko beldurra sentitzen dugunean, ipurdia
ukitzen digutenean guk nahi izan gabe … Eta nire galdera da, zergatik eduki
behar dugu beldur hori eta zergatik babestu behar gaituzte beldur horretatik?
Zergatik naiz ni zu baino ahulagoa eta zergatik pentsatu behar dut egunero
zerbait pasa behar zaidala? Horren atzean indarkeri estruktural bat dago. Hau
da, badakigu kolpea indarkeria dela, badakigu ezin dugula emakume bat bortxatu,
baina telefonoz deitzen tematu egiten gara edo sexu jazarpena jasaten dugu …
horiekin guztiekin ere kontuz ibili behar dugu.
Gazteek hizkuntzaren erabileran, hainbat hitz sexista erabiltzen ditugu,
esaterako, “cojonudo” era onean hartzen da eta “coñazo” era txarrean. Hori
horrela dela iruditzen zaizu?
Gaztelania
batik bat hizkuntza oso sexista da, pluralean hitz egiterakoan adibidez
“nosotros” esaten da gizon bakar bat baldin badago taldean. Euskararen kasuan
ere ez dela hainbesterako ematen du “el” eta “la” ez baititugu, baina bai, gure
hizkuntza ere sexista da. Gizarte esaten dugunean “gizonen artea” esaten dugu,
gizona esaterakoan “gizaki ona”, emakumea “eme kumea”, debila, gaiztoa … askotan
ez gara konturatzen hizkuntzaren erabilpen oker honetaz.
Hori aztertzen jakin behar da, baina nire ustez, gerora begira datorren
pauso bat da, aldatu beharrekoa. Hala ere, hori baino garrantzitsuagoa da kontzientziazio
hori ematea, pixkanaka pixkanaka aldaketa batzuk emanez.
Amaitzeko, ze aholku emango zenioke gaur egungo gizarteari sexu bereizketa
honen inguruan?
Nire lehenengo aholkua emakumearentzako izango litzateke saiatzeko
pentsatzen, errealitatea ikusten. Zergatik garbitu behar ditut nik ontziak
emakumea naizelako? Zergatik ezin naiz gaur makillatu gabe kalera irten? Benetan,
gustatzen al zait depilatzea? Depilatzen ez banaiz, zikina naiz? Gizon bat depilatzen
ez bada ez da ezer gertatzen. Baina gizonek zergatik ezin dute negar egin?
Negar egiten badute “marikoia” da? Gaur egun hala ere irainik handiena emakumearentzako
“puta” eta mutilentzako “maricon” da. Beraz, betaurreko moreak jantzi behar
ditugu, horrelako galderetatik hasi behar dugu pixkanaka aurrera joanez eta
honi buelta ematen saiatuz. Egunerokotasuneko gauza txikietan arreta jartzen hasi
behar dugu eta pentsatzen dugun hori elkarbanatzeko esparru erosoak sortzen.
No comments:
Post a Comment