Elkarrizketatzaileak: Garazi Esteban eta Olatz Azkarate
Lan boluntarioko elkartea: "Tiritatxoak"
------------------------------------------------------------------------------------------------------------
“Tiritatxoak” proiektuan hasi berriak diren bi gazte Arrasatearri elkarrizketa hau egin diegu, Jone Iribecampos eta Ane Errastiri hain zuzen ere. Lehena, erizaintza graduko hirugarren mailako ikaslea da eta aldi berean, Txatxilipurdi euskara elkartean dihardu. Bigarrena, fisioterapeutako bigarren mailan dago eta honek ere Txatxilipurdik antolatutako hainbat ekintzetan hartzen du parte.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------
A.E: Tiritatxoak Jonek eta Enekok, Txatxilipurdiko zuzendariak, pentsatutako proiektu bat da. Osasun munduan Jone eta biok bakarrak garenez Txatxilipurdi Elkartean, niri proposatu zidaten proiektu honetan parte hartzeko eta Arrasate ospitalean zerbait ezberdina egiteko. Ideia ona iruditu zitzaidan eta horri ekin genion gogotsu. Proiektu hau ospitalean dauden haurrekin ekintza ezberdinak egitean datza.
Nondik dator izena?
A.E: Irrien lagunen pertsonai bat da Tiritatxo, mediku bat hain zuzen ere. Ezaguna denez eta umeak ezagutzen dutenez, egokia iruditu zitzaigun izen hori gure proiektuari jartzea. Honetaz gain, Irrien lagunekin kontaktua lortzeko eta haurrek gu pertsonai famatu batekin identifikatzeko ere baliogarria zela pentsatu genuen.
Nondik sortu zen ideia?
J.I: Txatxilipurdik urtero, ikasturtea hasi aurretik, mintegi bat egiten du bertako langile guztiak elkartu eta gai ezberdinen inguruan hausnartzeko. Aurreko irailean Garaionen izan ginen 48 gazte inguru. Ia gehienak hezkuntzarekin lotutako ikasketak dutenak ziren eta hezkuntza sistemaren inguruan hitz egiten zuten denbora guztian. Ni nintzen bakarra osasun munduan murgilduta nengoena eta nik ere arlo horretan aldaketak egin behar direla esan nien. Hori dela eta, Txatxilipurdiko zuzendariak ideia hartu eta buelta batzuk eman ostean proposatu zigun ea prest egongo ginatekeen Arrasateko ospitalean umeekin ekintzak egiteko. Honetaz gain, bertan lanean ezagun bat zegoen, berekin kontaktuan jarri eta hau ospitaleko pediatrako buruzagiarengana joan zen gure proiektuaren berri ematera.
Beraz, esan daiteke berriak zaretela, noiz hasi zineten proiektua aurrera eramaten?
J.I: Bai berriak gara proiektu honetan. Nahiz eta mintegia irailean izan, Enekorekin lehenengo bilera azaroan izan genuen eta Gabonetako oporretan plangintzarekin hasi ginen.
Zein helburu dauka proiektu honek?
A.E: Ospitalean dauden umeei ondo pasatzeko denbora eta gune bat eskaintzea da helburu nagusia. Azken finean, ospitalean dagoen inor ez dago gustura eta proiektu honekin gehien bat nahi duguna da eroso eta gustura sentitzea eta ahaztea non dauden. Honekin batera euskara bultzatzea ere nahi dugu.
Zein motatako lana egiten duzue?
J.I: Bi lan ditugula esan dezakegu. Lehena, ospitaleko gela apaintzea da. Izan ere, utzi diguten gela kolore gabeko eta bunker antzeko gela karratu bat da eta bertan bi mahai besterik ez daude. Gure helburua, beraz, utzitako gela hori egokitzea da, hormari kolore pixka bat eman, posterrak jarri, aldizkari eta jolas ezberdinak bertara eraman, etab. Horrela, gu ez gauden egunetan ere aukera izango dute haurrek bertara hurbildu eta han egiteko. Esan beharra daukagu, oraindik ere lan handia daukagula hori aurrera eramaten.
Bigarrena, berriz, ostiral arratsaldetan bertara joatea haurrekin jolastera da. Hasiera batean, bi astetik behin joaten ginen, baina ume gutxi daudela ikusita eta gehienak ostiral arratsalderako etxera bidaltzen dituztela kontuan hartuta, erabaki dugu ostegunero ospitalera deitzea ea umerik dagoen ala ez jakiteko. Horren arabera pentsatutako saioa aurrera eraman ahal izango dugu edo ez.
Eta han, zer egiten duzue tailerrak edo jolasak?
J.I: Denetik apur bat. Aurretik , eskulantxoren bat eramaten dugu pentsatuta, baina horrek denbora gutxi irauten duenez eta haurrak hain pozik ikusten ditugunez, gustuko gauza gehiago egiteko gogoz, jolas ezberdinak, antzerkiak… egiten ditugu ondoren. Abestiak ere abesten ditugu.
Zenbatek hartzen duzue parte?
A.E: Gu biok eta etortzen diren umeak. Esaterako, aurreko egunean bertara joan ginenean haur bat bakarrik zegoen ingresatuta, baina bisitan joaten diren lagun eta familiakoak ere gurera hurbiltzen dira.
Orduan, bakarrik ez duzue gaixoekin jolasten, edozein joan ahal da ezta? Eta adin tartea finkatuta daukazue?
J.I: Bai edozein etorri daiteke gurekin tailerrak egin eta jolastera. Adin tartea guk ez daukagu finkatuta, azken finean adin tartea ospitaleak finkatzen du, 14 urte arteko ume eta gazteak etorri daitezkeela pentsatzen dut.
Zuek ospitalera joan baino lehen badaki-zue zenbat urte daukan haurrak?
J.I: Bai, aurretik esan bezala, ostegunero deitzen dugu eta momentu horretan esaten digute haurraren adina. Esaten digutenaren arabera ekintza bat edo beste antolatzen dugu, dena prest eramateko.
Kontatuko ahal diguzue zuen lehenengo eguna nolakoa izan zen?
A.E eta J.I: Egia esaten badugu lehenengo egunean oso beldurtuta joan ginen bertara. Oso urduri geunden. Guk egun bat lehenago Anari deitu genion, Ana ospitaleko koordinatzailea da eta berekin harremanetan jarri ginen. Orduan egun bat lehenago deitu genion eta esan zigun ume bat bakarrik zegoela. Ostiralean bertara joan baino lehenago ere deitu genion haurra zegoen ziurtatzeko eta baietz esan zigun, orduan bertara joan ginen.
Ospitalera heldu ginenean, erizain bati zeintzuk ginen eta zertara gentozen esan genion, baina ez zigun kasurik egin. Non aldatu behar ginen esan zigun eta besterik ez. Orduan guk gure amantala jarri genuen eta momentu horretan Kris azaldu zen. Kris gure koadrilako bat da, bertan lanean ari zena eta eskerrak bera agertu zela, bestela inork ez zigun kasurik egingo. Orduan Krisek umeak bunker horretara eramango zituela eta gu bertara joateko esan zigun.
Haurrak agertu zirenean lehenengo gauza jogurt poteekin eta arrozarekin marakak egin genituen eta maraka hauek buruko eta tripako mina kentzeko zirela esan genien. Momentu horretan gauza polit bat gertatu zitzaigun, ingresatuta zegoen haurra bere lagun batekin etorri zen eta lagunak maraka hartu eta bere belarrian mugitu zuen belarriko mina kentzeko, oso polita izan zen une hori. Marakak egin ondoren kareta batzuk egin genituen eta bukatutakoan antze-kia egiten eta abesten ibili ginen. Eskolan ikasitako ingeleseko abesti guztiak erakutsi zizkiguten haurrek. “Nor da nor?” jolasera ere jolastu genuen. Eta “epoitaitaile”ere egin genuen esku batekin, elkartasunez. Gaixo zegoen haurrak beso batean bia zuen jarrita, horregatik, ezin zuen bi eskuekin egin, orduan bururatu zitzaigun denok esku batekin egingo genuela berak ere egin ahal izateko.
Lehenengo egunean orduan zenbat haur egon ziren bertan? Zein adin tarte zuten?
A.E: Guztira 7 lagun egon ginen bertan; bi haur 5-6 urte zutenak , gaixo zegoenaren ahizpa 3 urte zituena, beste mutikotxo bat 2 urte izango zituena eta beste neskatila bat 2 urtekoa.
Hasi aurretik formaziorik jaso al duzue? Edo honekin lotutako beste esperientziarik?
J.I: Formazio bat Txatxilin eskutik honekin lotuta ez, zeren eta ez dago formaziorik emango digunik, azken finean gu gara osasun munduan gabiltzan bakarrak. Joan zen urtean Gurutzetako ospitaleko haur onkologian egon ginen. Egindako formazioa “Proyecto Adams” deitzen zen eta medikuntzako ikasleek eramaten zuten aurrera. Bertan, hiru bat saio izan genituen ekintzak planifikatzeko, gainera milaka galdetegi pasa behar izan genituen. Azken finean, onkologia batetan dagoen segurtasuna ez da Arrasateko ospitale batetan dagoena. Kasu honetan gu ginen geletara joaten zirenak ekintzak egitera. Esperientzia oso polita izan zen
Euskarari dagokionez zer? Garrantzia ematen al diozue?
J.I: Bai. Guk lehenengo momentutik genuen argi Txatxilipurdirekin lan hau egiterako orduan, kontuan izango genituela bertako balore guztiak, hau da, euskara, hezkidetza, kulturartekotasuna, autonomia, etab. Garrantzia gehien euskarari emango geniola adostu genuen. Izan ere, osasun munduan oso gaizki dagoen alor bat da, Arrasateko ospitalean dauden pediatra guztietarik batek soilik baitaki euskaraz. Gainera, kontuan hartuta ospitale horretara doazen haur guztiak Debagoiendarrak direla, hauek D ereduan ikasi behar izan dutela eta gehienak euskaraz bizi direla, ezinbestekoa iruditzen zaigu haur horiekin egon behar diren langileak haurrei euskaraz zuzentzea. Horren aurrean gure apustua euskaraz egitea da, euskarazko jolasak eta aldizkariak soilik izatea eta bertako langileak hurbiltzerakoan, bai mediku zein erizainari, euskaraz egitea, beraiek ere ohartzeko zen den gaur egun bizi dugun errealitatea.
Esan duzue Txatxilipurdirekin harremana duzuela, nolakoa da eta nola sortu da?
A.E: Jone eta biok Txatxilipurdin ibilitakoak gara, udalekuetan eta tailer ezberdinetan. Beraz, harremana horrela eta hortik sortu zen. Gainera, hezkuntza alorrean ez gabiltzan bakarrak garenez, guk ere Txatxilipurdi barruan gure ekarpen txikia egin nahi izan dugu osasun munduaren inguruan.
Beste talde edo erakundeekin baduzue harremanik?
J.I: Bai, lehenengo harremana Irrien Lagunekin izan genuen, proiektu hau aurrera eramatea pentsatu genuenean eta Tiritatxo izena izango zuela erabaki genuenean. Hemen jada lehenengo bromatxoa izan genuen: “Laster Txatxilipurdiri kendu behar diogu hau!” . Kontua da, proiektu honen izena Irrien Lagunek sortutakoa dela, beraz bromatxoa egin ziguten Txatxilipurdiri proiektu berri hau lapurtuko ziotela esanez. Harreman honi esker, Irrien Laguneko kideek Irria aldizkariak eta posterrak, gazteendako GazteZulo aldizkariak eta gurasoentzat HaziHezi eta Ikasi eman behar dizkigute. Ikastolen Elkarteari eta “Ludotoys”-i, Euskal Herrian euskarazko jostailuak sortzen dituzten elkarte bakarrenetarikoak, pare bat jostailu eskatu dizkiegu. Horrela, elkarlanean ea zerbait polita egiten dugun! Gainontzeko material guztia Txatxilipurditik hartzen dugu.
Proiektu hau ezaguna al da herrian?
J.I: Ez, oraindik ez. Guk bakarrik gertuko jendeari esan diogu, koadrilakoei, etxean, etab. Enekok, Anari komentatu zion ondo egongo litzatekeela denon artean prentsaurreko bat egitea proiektu hau jakitera emateko. Baina, kontua da, proiektua pentsatu zenetik eta martxan jarri den arte, gorabehera asko egon direla. Momentu bat egon zen non desmotibatu egin ginen eta proiektu gabe geundela pentsatzen genuela, hau da, Arrasateko ospitalean hau aurrera eramatea ezinezkoa zela uste genuen. Hori dela eta, prentsaurrekoa ahaztu egin genuen, denaz ahaztu ginen. Baina, orain bat egin dugula, agian zerbait egin beharko dugu herrira begira.
Orduan udalarekin harremanik orain-dik ez daukazue, ezta?
J.I: Ez, momentuz ez. Baina beharbada diru laguntzak eskatzeko jarri beharko gara harremanetan, ideia hori jada buruan badaukagu.
Etorkizunera begira, nola ikusten duzue hori guztia?
J.I: Niri gustatuko litzaidake etorkizunean proiektu honen beharra ez egotea. Proiektu honen beharra baldin badago osasun munduan gabezia bat dagoelako da. Izan ere, osasun langileak bakarrik gaixotasunean eta gaixotasuna sendatzen zentratzen dira, ez dute haurra bere osotasunean hartzen, bere arazo eta sentipen guztiekin. Beraiendako haurra momentu horretan gaixotasunen bat daukana da, hots, hanka bat apurtuta, infekzio bat belarrian, ez dakit nongo minbizia, etab. Orduan, etorkizunera begira, niri gustatuko litzaidakeena erizaintza ikasle bezala zera da, denon artean esfortzu bat egitea haurra bere osotasunean hartzeko eta haurrari kura bat egitera zoazen momentuan berarekin jolastea, tailerrak egitea,etab. Mediku guztiak izatea Tiritatxo batzuetan. Gu gogoekin gaude eta hau aldatzen ez den bitartean hementxe egongo gara.
A.E: Etorkizunera begira nik nire burua erizainei edota osasun munduko profesionalei hitzaldiak ematen ikusten dut, hau da, bai haurrak, bai gazteak eta baita zaharrekin lan egiten duten horiei. Nik uste dut, denok ulertu behar dugula zein on egiten dion pertsonari pozik egotea. Pozik bazaude, gorputzak sortzen ditu endorfinak deitzen diren sustantzia batzuk, morfina naturalak izango liratekeenak, beraz horrekin dena esaten dugu, ebidentzia zientifikoa da hori. Nik uste dut, garrantzia bi aldeei eman beharko litzatekeela, bai osasun mundutik zauri eta gaixotasunak sendatzeari baita emozionalki pertsona hori tratatzeari ere.
No comments:
Post a Comment