ORRIALDEAK

2013/04/29

FERNANDO OLALDE (elkarrizketa)

Elkarrizketatua: Fernando Olalde
Elkarrizketatzaileak: Pablo Montes eta Beñat Elosua
Lan boluntarioko elkartea: "Joxemi Zumalabe" fundazioa

------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Zergatik eta zein helbururekin sortzen da Joxemi  Zumalabe Fundazioa?
Euskal Herrian bestelako jendarte-eredu baten alde lanean ari diren Herri Mugimenduak laguntzea, horixe izan da Joxemi Zumalabe Fundazioaren helburua sortu zenetik. Hau da, Euskal Herriko herri ekimen, talde eta mugimenduek egiten duten ekarpen sozial eta politikoa ikustarazi, sendotu eta merezi duen errekonozimendua ematea. Asmo horiekin, 1996ko apirilean lagun talde batek Fundazioa sortu eta lagun zuten Joxemi Zumalabe Goenaga-ren izena jartzea erabaki zuten.
Ezaguna dugu euskal herritarrok herri bezala bizi dugun ukazioa, eta badira maila berean pairatzen ditugun beste ukazio eta subordinazio moduak ere, patriarkatuaren eta kapitalismoaren errealitateak ezartzen dizkigunak. Baina, menpekotasun modu ezberdinek erresistentzia modu eta borroka anitz sortzen dituzte: emakumeena, langileena, ekologistena, baserritar eta nekazariena, euskalgintzarena, errepresioaren kontrakoarena, elkartasun internazionalistarena, homofoboaren kontrakoarena, antimilitarismoarena, gazteena eta ikasle mugimenduarena, arrazakeriaren kontrakoarena Azken finean, subordinazio eta diskriminazio modu anitz sortzen dituen gizarte-eredu baten aurrean gaude. Hitzetik hortzera dabilen krisia ez da krisi ekonomikoa bakarrik, zibilizazio oso baten krisia da, bizimodu eta jendarte-eredu patriarkala, inperialista eta kapitalistaren krisia. 
Horrexegatik, inposaketa eta eskubide urraketa ezberdinen kontra mobilizatzeaz gain, eta politika zein egitasmo elitista eta garatuen aurka borrokatzearekin batera, ezinbestekoa dugu merkatu kapitalistaren logikatik at dauden ekimen, sare eta espazioak indartzea: baserritar eta kontsumo-taldeak, birziklapenaren inguruan sortzen diren kooperatibak, euskara elkarteak, gaztetxeak eta kulturaz  gozatzeko eta sortzeko   dauden espazio autogestionatuak. Eta baita beste hainbat arlotan lanean ari diren ekimenak gure beharrizan nagusiak gizalegez eta auto-antolakuntza herrikoiaren bitartez asebetetzeko, eta ez diru legez edo etekinaren logika kapitalistaren bitartez. Beste bizimodu eta jendarte-eredu bat eraikitzea, azken finean, ez da dekretuz edo goitik behera etorriko den zerbait; guk geuk geure esku, bihotz eta buruarekin eraikiko dugun zerbait baizik. Izango bada, auzolanean, behetik eta denon artean, gauzak beste modu batez egitearen eta antolatzearen prozesu etengabea izango da.
Fundazioaren webgunetik hartutako sarrera.

Joxemi Zumalabe Fundazioaren jaiotza.
Fundazio bat sortzeko ideia, Fernando Olalde Arbideren ekimenez sortzen da, beronek  aitak utzitako  ondare ekonomikoa  helburu altruista baterako erabiltzea erabakitzen duenean.
F.Olaldek ez zuenez  "mecenas" baten pare gelditu nahi, berekin batera fundazioaren sortzaile ziren  beste lau  partaideak  ere  bakoitzak 100.000 pezeta jartzea erabaki zuten, horrela  bostak fundazioaren  sortzaile bihurtuz. Beste lau partaide hauek F.Olalderen betiko lagunak izateaz gain mugimendu sozial ezberdinetan asko ibilitako  kideak dira, gehienbat  langile, auzo eta mugimendu ekologistetan.
Horrela,  guztien ekimenaz, Carlos Trenor Dicenta, Jose Ignacio Uruñuela Najera, Ignacio Maria O´Shea Artiñano , Sabino Ormazabal  Elola  eta nola ez F. Olaldek Joxemi Zumalabe Fundazioa sortzen  dute 1995ko Abenduaren 17an. Lagun talde honek sortutako fundazioaren helburua guztiz altruista da, mugimendu sozialei zerbitzua eskaintzea. Ez zuen inongo helburu politikorik eta ezta  inongo  ideologiaren  eraginik, helburua mugimendu sozialei azpiegiturak, zerbitzuak eta oinarriak finkatzeko baliabideak eskaintzea zen, inongo diskriminaziorik gabe, kontuan izan gabe mugimendu sozial horren  helburua edo iturria zein zen. Beraz, Fundazio honek izaera guztiz apolitiko eta apartidista  zuen.
Fundazioari, Joxemi Zumalabe izena jarri zioten, F. Olalderen laguna zen eta euskal enpresa eta kulturgintzan hain ezaguna zen Jose Miguel Zumalabe Goenagaren omenez. Joxemi , 43 urteko adin goiztiarrean hil bazen ere,  handiak edo garrantzitsuak izan ziren hark utzitako  ondareak, hala nola, ANTZA, APIKA, ARGIA edo EGUNKARIA bezalako  enpresak sortzen lagundu baitzuen.
Gertaera ezberdin hauen batura izan da beraz Joxemi Zumalabe Fundazioaren sorrera eta irteera.

Fundazioaren esku hartzeak.
Hasieran aipatu bezala, Joxemi Zumalabe Fundazioaren  helburu nagusia  mugimendu sozial ezberdinei laguntzea da.
Eskainitako laguntza horretan,  talde sozial ezberdinen arteko komunikazioari eta hauek euren sorreran behar dituzten baliabideak eskaintzeari eman zaio garrantzi handien.
Eskaintzen den guztia  mota edo era guztietako erakunde sozialei zuzenduta dago, dena dela, euren ideologia edo  azken helburua. Fundazioaren helburua inoiz ez da talde hauen gain ideologikoki edo politikoki eragitea izan, ez horixe, laguntza eskaintzea baizik.
Zaila da ordea norberaren ideologiaz busti gabe inori laguntzea, horregatik, hori nola burutu ikertzen eta erabakitzen pasa zuten denbora luze fundazioaren sortzaileek. Fundazioak ez zuen  gatazka sozial bakoitzari zegokion irtenbidea eskaintzen,ez, izan ere, eurak ez baitira aditu arlo sozial guztietan.
Fundazioak arlo sozial berdinean edo arazo sozial berdinari irtenbidea bilatu nahian zebiltzan  erakundeak eta pertsonak  biltzen zituen. Adibidez, arrazakeriaren aurka lanean diharduten erakunde ezberdinak.
Talde eta pertsona hauei  baliabideak eskaintzen zizkien, formakuntza ikastaroak, legeen inguruko laguntzak, baliabide materialak, bilerak egiteko lokalak …
Modu honetan, erakunde sozial ezberdinei laguntzea lortzen dute,  eurak kanpotik inongo ideologiarik ezarri gabe, zuzenean eragin gabe.Hori zuen helburua fundazioak, mugimendu  sozial ezberdinei laguntzea, eurek irtenbide zehatzik eskaini gabe.
Irtenbidea gai bakoitzean  adituak ziren pertsonek bilatu behar zuten, erakundeek eurek, baina horretarako  laguntza edo bultzadatxo bat ematea zen fundazioak egiten zuena.
Guzti honekin, Fundazioak erakunde sozial ezberdinen errealitate soziala aztertu eta ikertzen du, horrela,   euskal gizartea  osatzen duten erakunde sozial guztien arteko elkarlana bultzatuz.

Noiz eta nola sortzen da Joxemi Zumalabe fundazioa sortzeko ideia?
Guztia 1995ean hasten da, gure eskuetara diru kopuru jakin bat iristen denean. Diru honekin nahi genuena egiteko aukera geneukan eta  giza mugimenduen alde erabiltzea erabaki genuen.
Diru honek herentzia batean zuen jatorria eta gure eskuetan zegoenez, taldean   bildu  eta  diru horrekin zer egin pentsatzen hasi ginen. Diru askotxo zen, miloi euro inguru, horregatik izaera guztiz  ezberdineko  pertsonekin hitz egin eta ideia desberdinak jaso genituen.
Azkenean, gehien inplikatu ginenen artean fundazio bat sortzea erabaki genuen, giza mugimenduak bultzatuko zituen fundazioa. Guk eskainitako laguntza, behar estrategikoetara zuzendu nahi genuen, ez ohiko beharretara, hau da, behar sakonetan lagundu nahi genuen.
Euskal giza mugimendu guztiei lagundu nahi genien, gehienbat mugimendu sozial baztertuenei edo marjinatuenei. Horixe izan zen  haserako ideia edo lortu nahi genuena.

Zein  behar edo hutsune ikusi zenuten Fundazioa sortu beharra sentitzeko? Gizartean zerbaiten falta sumatzen zenuten?
Gure iritziz, giza mugimenduen eragiteko gaitasuna, egunero beharrek murrizten dute askotan. Hau da, erakunde sozialak  lan  egiteko orduan, azken uneko gauzak lotzen, galdera-berriei  erantzunak bilatzen , proposamen berriak egiten eta antzeko gauzetan lanpetuta ibiltzen dira korrika edo presaka; horrek, beste lan batzuetarako astirik eta indarrik ez  edukitzea dakar, adibidez, azpiegiturekin zerikusia duten gaietan.
Beste era batean esan da, formazioa falta, beste erakundeekiko kontaktu falta edo bestelako behar sakonagoak topatu ditzakegu. Giza mugimenduak estrukturatzea eta beste gorputz bat hartzeko aukera ematea genuen guk helburu.

Mugimendu sozial bat baino gehiagotan ibilia zarela jakina da, noiz eta zerk sortzen du  zure denbora eta lana gizarteari eskaintzeko grina? Zerk sortarazten du lan boluntariorako joera hori? Betidanik gustuko izan duzun zerbait da edo garatutako zerbait?
Niri  erakargarriena egiten zaidana, pertsonen arteko  harremanak dira, horrexek sortu zidan lanerako grina edo irrika. Harremanak landuz, gauzak aldatzeko aukera  dagoela uste dut, metodo edo bide hau eraginkorrena edo koherenteena dela uste baitut, hau da,manipulatu gabeko bidea dela. Nik, giza mugimendua, jendartetik  zuzenean sortzen den zerbait dela uste dut, horizontala izan behar du, ez buru argi batek zuzendua.

Gaur egun nola ikusten duzu herri mugimenduaren indarra Euskal Herrian, gorantz ala beherantz doan zerbait da? Nola ikusten duzu etorkizuna?
Nire ustetan, ez naiz galdera hau erantzuteko egokiena, 57 urte ditut eta azkenaldian mugimendu hauetatik kanpo xamar nabil. Euskal Herrian  nire ustez giza mugimenduak oso baldintzatuak egon dira  arazo edo gertaera politikoengatik. Denok dakigu, hemen  izugarrizko iraultza egon dela, urte batzuetan onerako eta bestetan txarrerako, horregatik zaila egiten zait baloratzea.

Euskal herrian mugimendu sozialak baldintzatuta egon direla diote adituek, lehenik estatu espainiarrak ezarritako presio horren menpe egon direlako, bestetik, ezker abertzalea beti  mugimendu horiek bereganatzen saiatu delako? Gaur egun, gure ustez, jendartea, ez da zuen garaietan mugitzen zen adina mugitzen eta horren inguruan zure iritzia entzun nahiko genuke.
Nik, ez nuke  esango azken urteetan mugimendu gutxiago  edo gehiago egon denik,ez da hain sinplea. Fase asko egon direla uste dut, frankoren ondoren gorakada handia eta luzea izan zen,momentu honetan berriz egoera guztiz ezberdina da. Horri buruz hitz egitea zaila egiten zait, horregatik,  beste jende batzuengana jotzeko gomendatzen dizuet.

Herri mugimenduek darabilten lanerako metodoa edo bidea  zaharkitua al dago? Zerbait aldatuko zenuke erakunde sozialen dinamikari dagokionean?Zeintzuk dira edo izan dira erabili diren metodoak?
Bide edo teknika batzuk noski zaharkituta gelditu direla, adibidez, paretetan  kartelak  jartzea, zaharra gelditu dela uste dut. Gaur egun, ez dute lehen zuten indarrik. Biltzeko, mugimendu bakoitzak bere komiteak edukitzeko, auzoka edo herrika elkartzeko, gaur egun darabiltzaten teknologiak eta harreman telematikoak orain dela 15 urte zerbait imajina ezina ziren. Hori tresna baliotsua da, baina, harremanak, auzo eta herri harremanak ezin direla galdu kontziente izan behar gara. Bestela dena galdu dezakegu, koordinazioa  batez ere. Nukleo fisikoak ezinbestekoak dira, eta ez telematikoak. Mezua zabaltzeko metodoak aldatu dira noski, gu lehen  gauza gutxi batzuen bidez komunikatzen ginen. Orain aldiz, gauzak zabaltzeko erraztasun gehiago aurkitu daitezke.
Bestalde, ez dakit zein punturaino hobetu den bileren dinamika, hori garrantzitsua da, denborak eta indarrak galdu ditugu horretan. Horretaz gain, giza mugimenduak subentzio ugari lortu ditu azkenaldian, ez hainbeste mugimendu erradikalak, baina bai historia edo kultur mugimenduak, (entretenimendu eta aisialdi taldeak, ekologistak etab.), ondorioz, horrek aldaketa handiak ekarri ditu euren jarduteko eta pentsatzeko eran.


Asko aldatu dira asanbladetan lan egiteko bideak ?
Momentu honetan, jarduerak hobekiago egiten direla uste dut, zentratuago, antolatuago, ez da hain bat-bateko gauza.

Unibertsitatean asanbladak egiten ditugunean, iritzi ezberdinak egoten dira, desadostasunak, puntu jakin  batera iristeko zailtasunak edukitzen ditugu gainera, gaitik urrentzen  gara gehienetan. Guk,  asanbladetan darabilten metodologia blokeatuta dagoela uste dugu, izan ere, adostasunera eta gaien mamira iristeko  oztopo asko aurkitzen dugu, zuk zer diozu?
Aurreko galdera bati erantzunez, Joxemi Zumalabe fundazioak hiru atal nagusi zituen edo hiru arlotan lagundu nahi zuen. Batetik, formazioa edo giza mugimenduei zuzendutako formazioa, bestetik, giza mugimenduen arteko komunikazioa, eta azkenik, giza mugimenduen arteko elkar lana prestatu eta bultzatzea.
Joxemi Zumalabe fundazioak idazkari moduan jokatzen zuen giza mugimendu desberdinen artean, hauen elkarlana bultzatuz. Aktak, konbokatoriak, egin beharrak koordinatzen eta mugimendu bakoitza gidatzen laguntzea zuen helburu. Horixe izan zen nik ezagutu nuen Joxemi Zumalabe fundazioa, ondoren, salaketa eta epaiketak etorri ziren. 18/98 sumarioak hainbat urteko lana  ezabatu eta  motibazioan asko eragin zigun. Orain, beste talde bati pasatu diegu lekukoa, gazteei. Orain lanean diharduten pertsonak  unibertsitateekin batera  elkarlanean  ari dira, Leioa eta Donostiakoekin  batez ere.
Parte hartzea bultzatzeko asmoarekin, Leioako unibertsitatean lan proiektu  berriak sortu dira, adibidez, erabaki parte hartzaileak hartu ahal izateko tresna bat. Proiektu  hau, edozein herriren lehentasunak adosteko eta denon artean elkarlana bultzatzeko asmoarekin sortzen da.
Beste bat, militantziaren kontzeptua da, hau da, nolakoa zen duela urte batzuk militante izatea, zer eskatzen zitzaion militante bati eta gaur egunean niolakoa den. Giza mugimenduarekin sortzen diren trabak gainditzeko,hirugarren arlo bat lantzen ere ari dira, teknologia berrian arloa.

Hasieran zeneukaten dinamika eta testigua pasatu diezuen horiek daukatena berdina al da? Akatsetatik ikasi al duzue?
Gure funtsezko akatsa,konkrezio falta izan zen. Joxemi Zumalabe fundazioarena eta ez giza mugimenduena orokorrean. Gure ideia garbia zen, giza mugimenduei laguntzea,baina zertan laguntzea? Benetan ori falta zitzaigun, zehaztasuna. Eztabaida ezberdinak eginez guzti hori zehazten joan ginen, oso pixkanaka eta esfortzu handia eginez. Nire ustez,hori da giza mugimendu gehienei ere asko kostatzen zaiena, gauzak zehaztea.

Hasieran diru laguntzak ematen hasi zinetan baina gero utzi egin zenuten. Zergatik?
Hanka-sartze  moduan ikusten dut nik. Nire ustez ez zen oso egokia dirua banatzen ibiltzea, diru laguntzen azken helburuak kontrolatzeko zailtasunak ikusten genituelako Horretan ez genuen asmatu. Aipatu beharra dago batzuk  eraginkorrak izan direla, baina benetan etekina atera dugunean, fundazioaren lanaren ondorioz izan da.Adibidez, irrati libreen koordinazioarekin, Arroxa proiektuarekin. Azken hau proiektu polita izan zen, ondo atera zen gainera. 1898+ Plataformarekin ere  lan  handia eta arrakastatsua egin genuen, izugarrizko koordinazio lana eskatzen baitzuen.

Zuretzat zein izan da  fundazioak eduki duen lorpen edo esku hartzerik arrakastatsuena edo esanguratsuena? Zerk bete zaitu gehien?
Ni ustez hainbat arlotan egin dugun idazkaritza lana klabea izan da. Lau topagune antolatu genituen 2001-2002-2003 urteetan. Arroxa, etorkinekin eginiko lana, 1998+  plataforma, Euskal Herriko giza mugimenduen gida, Fite…

Joxemi Zumalabe fundazioak, proiektu askotan desobedientzia zibila aldarrikatzen da. Zein izaera du desobedientzia mota honek? Konstruktiboa edo destruktiboa? Sistema  konpondu edo sistema hautsi behar  da konpontzea posible izan dadin? Zein helburuekin planteatzen da desobedientzia hori?
Galdera zabala da, fundazioak ez du inoiz desobedientzia zibila bultzatu, hau da, ez du izan nahi eragile soziala. Eragile sozialak giza mugimenduak ziren eta Joxemi Zumalabe fundazioak, giza mugimendu horiek bultzatu nahi zituen. Orduan desobedientzia zibilaren inguruan eztabaidak sortzen ziren. Fundazioaren barruan, bazeuden desobedientzia zibilarekin lotura zeukaten pertsonak eta pertsona hauek sortu  zituzten eztabaidak. Epaiketan adibidez, oso zaila izan zen fundazioak desobedientzia horrekin zuen harremana ulertaraztea.

Zein helburu du desobedientzia horrek? Sistema berri bat hasieratik sortzea edo dagona desegin eta bertatik hastea?
Sistema berri bat puskatu edo sistema horretatik ateratzea, ideia politikoak izango lirateke. Hau da, sistemari buruzko ideiak  politikoak dira.Zer da politiko eta zer da beste guztia? aldea non dago?
Gizartea orokorrean hartzen duena politikoa da. “La lucha por los derechos de los presos “ hori ez nuke esango borroka politikoa denik, eskubideen aldeko borroka litzateke. Urteen poderioz ulertu dudan zerbait da, politikoa dena da, gizartea oro har edo orokorrean analizatzen duena, lantzen duena, alternatiba orokorrak eman nahi dituena. Politikoa al da langileen borroka? gizarte guztiari irtenbide eman nahi baldin badio politikoa da bestela  ez.

Bukatzeko, gaitik kanpo ateraz, ekonomialaria zarela kontuan hartuz, zer iritzi duzu gaur egun bizi dugun  krisi ekonomikoari dagokionean? Krisi ekonomikoa edo morala da?
Argi dago baduela jatorri ekonomiko bat, hau da, jakina da nondik datorren  defizita eta nork sortua den  krisi hau. Baina badu beste alde bat, beste interes bat, multinazionalen eta  Europan agintzen duten indar ekonomikoen  interesa.
Beste  gauza bat  da indar hauek krisiari ematen dien trataera, nola darabilten euren intereserako. Gizartea beldurtzeaz gain, euren boterea finkatu dezakete, ezberdintasunak handitu eta  sormena desagerrarazi.
Gainera, krisia aitzakiatzat  hartuta, hainbeste  urteren eta lanen ostean lortutako oinarrizko eskubideak urratzen ari dira  murrizketen bidez.

Eskerrik asko, elkarrizketa egiteko aukera eman izanagatik, besterik gabe mila esker berriro ere.



No comments:

Post a Comment