Elkarrizketatzaileak: Leire Alvarez eta Itsasne Larruskain
Lan boluntarioko elkartea: "Tabira Saskibaloi Kluba"
------------------------------------------------------------------------------------------------------------
------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Zerk bultzatu zaitu klub honetan bolunta-rio bezala aritzera?
Beti izan dut boluntario bezala aritzeko kezka bat. Txikitatik arduratu naiz ondokoen beharrengan eta nire seme-alabak saskibaloian hasi zirenean, bertan lana egiteko jendea behar zela ikusi nuen. Horrela Durangaldeko gizartera nire harri-koskorra ekartzeko aukera ikusi nuen.
Gustuko duzu egiten duzun lana? zergatik?
Bai, oso gustuko. Denboraldiaren zehar beti une onak eta ez hain onak daude, baina azken finean, Durangaldeko gaztetasunaren alde zerbait egiten ari naizela sentitzen dut eta niretzako, pertsona bezala, oso aberasgarria da. Denboraldiaren hasieran klubeko jokalari guztiak kantxan ikusten ditudanean, ia negarra irteten zait. Bertan konturatzen naiz nire lanak balio bat daukala.
Nola antolatzen da kluba?
Gure klubeko ardatzak sei dira: zuzendaritza batzordea, entrenatzaileak, jokalariak, babesleak, eskolak eta bazkideak. Bakoitzak bere funtzioa du eta batak bestea martxan jarraitzeko behar du. Kate horretan, ardatz batek ez badu ondo funtzio-natzen, klubak arazoak izan ditzake.
Zenbat pertsonek osatzen dute kluba?
Denboraldi honetan, gutxi gora behera 1500 lagun elkartu gara. Kopuru horretatik 800 inguru entrenatzaile eta jokalariak dira. Besteak, bazkide, laguntzaile, babesle eta abar dira.
Zein da klubaren filosofia?
Gure klubaren filosofia, modu amateur eta altruista batean Durangaldeko gazteen artean saskibaloi-zaletasuna bideratzea eta sustatzea da. Hori dena dohain egiten dugu. Gure lema “dohain eman dohain jaso duzuna” da.
Zein balio transmititu nahi dira?
Pertsonak etorkizunerako prestatzea nahi dugu. Entre-natzaileak zein jokalariak, beren bizipenen artean adiskidetasuna, eskuzabaltasuna eta talde-mailako ahalegina barneratuz, etorkizunean baikortasunez eta besteekiko begirunez jokatzen jakin dezaten edozein testuingurutan (familiartean, lanean edo edozein elkartetan).
Zelako harremana duzue zuzendaritzako taldekideen artean?
Gure harremana ezin hobea da eta elkar oso ondo ulertzen gara. Denok lana eta familiaz gain, Tabirakorekin konpromiso bat daukagu eta momentu onak zein momentu txarrak denon artean
bizitzen ditugu.
Eta klubean parte hartzen duten pertsona guztien artean, nola konpontzen zarete?
Orokorrean oso ondo. Dena den, lehen esan dizuedan bezala, gure kluba pertsona askok osatzen dutenez, erabakiak hartzen direnean ezinezkoa da denak pozik uztea. Baina gure ahalegina eta esfortzua denontzako hoberena egitea dela esango nuke.
Kluba sortu zenetik, zein aldaketa mota ikusi dituzu?
Kluba orain dela 52 urte sortu zen. Zorionez, hasierako lema nagusiak, “doan eman doan jaso duzuna”, oraindik bizirik jarraitzen du eta hori oso gauza garrantzitsua da. Izan ere, gaur egungo gizartean oso zaila da horrelako filosofia bat mantentzea. Hortik aparte, gazteen ohiturak asko aldatu dira. Lehen baloi bat hartzen zuten eta kalean egoten ziren jolasten arratsalde osoa. Gaur egun, eskolaz kanpoko ekintza asko dituzte eta ia ez daukate astirik baloi batekin jolasteko. Hor aldaketa nabarmena dagoela esango nuke.
Zuk zenbateko garrantzia ematen diozu euskara bultzatzeari?
Nik neuk garrantzi osoa ematen diot euskara bultzatzeari. Nik ezin dut ulertu gaur egungo gazteak gazteleraz hitz egiten ikustea. Denok euskaraz ikasteko aukera baitute eta zoritzarrez, euren artean gehienak gazteleraz hitz egiten dute. Pena bat!
Eta klubean nolako garrantzia ematen zaio?
Klubaren barruan azkeneko urteetan lan handia ari gara euskararen alde egiten eta bi hizkuntza, gaztelera eta euskara, modu berdinean erabiltzen saiatzen gara.
Eta klubaren barruan honen erabileraren presentzia antzematen dela esango zenuke?
Nik baietz esango nuke. Zuzendari batzuen artean euskaraz soilik hitz egiten dugu eta nik neuk entrenatzaile askorekin ere euskaraz erlazionatzen naiz. Dena den, oraindik lan handia daukagu aurretik.
Ez dut ulertzen euskaldun entrenatzaileak zergatik ez dieten umeei euskaraz hitz egiten. Izan ere, gaur egungo ume gehienek euskaraz dakite, orduan zergatik gaztelera erabili?
Bizkaia mailan inguruko klubekin nolako harremana duzuela esango zenuke?
Oso ona benetan. Beti laguntzeko prest gaude eta baita eurek guri ere. Orokorrean, oso harreman sendoak eta fidagarriak ditugu bai Bizkaiko beste klubekin bai Federazioarekin ere.
Eta Euskal Herri mailan?
Baita ere. Agian harreman gutxiago daukagu, gure talde gehienak Bizkaiko arloan ari direlako, baina denokin ondo konpontzen gara.
Durangaldean kokatzen dela kontuan izanda, inguruko beste erakundeekin nolako harremana duzue?
Durangaldeko erakundeei beti laguntzeko prest gaude. Denboraldi honetan, Emakumeenganako biolentziaren aurkako plataforma elkartearekin kalean bildu ginen, Lilakrosan parte hartu genuen (Emakumeen eta gizonen arteko Berdintasunaren aldeko lasterketa) eta euskararen aldeko korrikan ere parte hartu genuen.
Udalarekin ze harreman mota duzue?
Oso harreman ona eta hurbila. Udalaren babesa, bereziki instalakuntzaren aldetik, oinarrizkoa da guretzat.
Eta Durangoko eskolekin?
Durangoko sei eskola gure Klubeko harrobiak dira eta gure arteko hartuemanak finkatu, bermatu eta hobetzeko asmoz, hitzarmen bat sinatzen dugu urtero. Gainera, eskolako talde guztiak Tabirako izena aurretik eramaten dute, adibidez, Tabirako Landako.
Kluba aurrera ateratzeko nondik jasotzen dituzue diru laguntzak?
Dirulaguntzak bakarrik gure babesleengandik jasotzen ditugu. Tabirakon inork ez duelako ordaintzen saskibaloira jolasteagatik.
Nola ikusten duzu boluntariotza lanean zure burua?
Lan hau boluntarioa ez balitz izango, ni ez nintzateke hemen egongo.
Zein onura ikusten diozu boluntariotza lana egiteari?
Gaur egungo gizartea oso materialista eta berekoia da. Baina, gure klubean, ez jokalari federatuek, ez entrenatzaile federatuek, ezta zuzendaritzako kideek ere, ez dute ezer kobratzen kluberako egiten duten lanaren truke. Izpiritu hori gal ez dezagun filosofia hori harrobitik bultzatzen dugu. Umeak ikasi behar dute bizitzan besteen alde zerbait egin behar dutela.
Eta zein kalte?
Nire ustez, bat ere ez.
Etorkizunean zure burua klub honen barruan ikusten duzu?
Oraindik beste bi urte zuzendari bezala egingo ditut Tabirakoko zuzendaritzan eta nik uste dut jende berriari paso eman beharko diogula.
Bizitzako arlo ezberdinetan boluntariotzari garrantzia gehiago eman behar zaiola uste duzu?
Noski baietz. Gizarte honetan arlo asko dauzkagu boluntario moduan lan egiteko baina zoritzarrez ez dago jende asko laguntzeko prest. Bakoitzak bere bizitza darama eta ez dio ondokoari begiratzen. Arinegi bizi gara eta ez dugu astirik ondokoen beharrak ikusteko.
No comments:
Post a Comment