ORRIALDEAK

2013/04/29

JUAN INAZIO SUDUPE (elkarrizketa)

Elkarrizketatua: Juan Inazio Sudupe
Elkarrizketatzaileak: Karla Beristain, Aloña Zumeta eta Mireia Zubizarreta
Lan boluntarioko elkartea: "Gazteak eta garapena" fundazioa

------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Juan Inazio Sudupe Floreagan Erlijioa eta Etika irakasten dituen Salestar apaiza da. Filosofian zein Erlijio zientzietan lizentziatua eta Ingelesean diplomatua. Ia bizitza osoa herritik kanpo eman duen arren, azken 12 urte hauetan bere jaioterrian bizi da, Azkoitian.


------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Badakigu boluntario lanetan aritzen zarela, baina zein lan burutzen duzu zehazki?
Azkoitian, “Gazteak eta garapena” fundazioaren taldea koordinatzen dut. Taldea dozena bat pertsonek osatzen dugu, gure ikastetxeko ikasleen gurasoen adineko gizon eta emakumeek. Nire zeregin nagusia taldea animatzea da: jendea bultzatzea, bileretara deitzea, antolaketa desberdinak pentsatzea eta hauek martxan jartzea.

Zereginak nola dauzkazue banatuta taldean?
Egia esan gure taldea oso xumea da eta ez dauka burokrazia aldetik gauza handirik. Ni mugitzen naiz gehienbat, baina besteak ere beti nirekin daude.

Nolatan etorri zitzaizun boluntario izateko grin hori?
Boluntario ia bizitza guztian izan naiz. Garai batean, batxilergoko ikasle nintzenean aisialdiko erakunde batean laguntzen nuen. Gerora, Salestar naizen aldetik ere, beti egon naiz interesatuta alderdi horretan. Horretaz gain, nire ikuspuntua azpimarratu nahiko nuke: mundua gaizki banatuta dagoela iruditzen zait, modu bidegabe batean. Dauden injustiziei erantzuteko modu bat boluntariotza izan daiteke, nahiz eta honen bidez arazo guztiak konpontzea ezinezkoa den.

Zure egunerokotasunean denbora asko kentzen al dizu boluntario lanak?
Eguneroko martxan ez dit buruhauste handia suposatzen, baina badaude lau edo bost momentu, non, denbora asko kentzen didaten. Hala nola, maiatzean antolatzen dugun pintxo solidarioak, Santa Agedako diru bilketak, bigarren eskuko azokak edota eskolan egiten dugun janari bilketak. Esan beharra dago ekintza hauetan, jendearen parte hartze handia egoten dela.

Aipatu duzu jende askok hartzen duela parte boluntario lanetan, baina parte hartze hori nolakoa edo zenbaterainokoa da? Jende asko inplikatzen dela iruditzen zaizu?
Bai, baina maila desberdinetan. Batzuk, hilero dirua ematen dute haurrei bekak ordaintzeko, besteak berriz, ekintza desberdinetan parte hartzen dute “Iniziatiba solidarioa” kanpainan. Profesionalki inor ez dago prestatuta, baina proiekturen bat bidali behar denean, Bilboko bulegokoek antolatzen dute lana. Ez dugu ahaztu behar, taldean guraso asko daudela eta hauek konpromiso batzuk dituztela. Hori dela eta, batzuetan ezin izaten dute bileretara etorri.

Egun Floreaga ikastetxean ari zara lanean, eskola hau ere inplikatua dago proiektuan?
Bai, gure solidaritate kanpainak Beningo kaleko umeengana bideratuta daude. Tarteka, bertako misiolariek bisitatzen gaituzte. Gainera, gutun bidezko harremana dugu beraiekin. Izan ere, guretzat heziketak osoa izateko, solidaritateak sustatuta egon behar du. Ikastetxeko ikasle talde batek sorturiko solidaritate talde bat ere badugu, duela lau urte sortutakoa.

Proiektu honetan hizkuntzei nolako garrantzia ematen diezu?
Hara joateko Frantsesa ikastea beharrezkoa da. Hemengo lanak berriz, euskaraz egiten ditugu: bilerak, aktak, kartelak … Gu hemen euskaraz bizi garelako.

Azkoitiko udalarekin nolako harremana duzue?
Ona. Azkeneko urteetan beti eman digute laguntza ekonomikoa. Azkoitiko udalak dirua ez die erakunde handiei ematen, baizik eta herriko jendeak sustatzen dituen taldeei. Hala ere, esan beharra dago, garai batetik ona asko jatsi dela ematen duten laguntza, udaletxean diru gutxi baitago. Orain %0,35 jasotzen dugun arren, udaletxeak asmoa du %0,70ra iristeko.

Udalaz gain, beste erakunderen batekin harremantzen al zarete?
Bai, hala nola, Perun, Nepalen eta Paraguayn dauden gobernuz kanpoko erakundeekin dugu harremana gaur egun. Hala ere, harremana oraindik ez da handia. Garai batean berriz, Azkoitiko erakunde guztiak bildu ginen Haitiko Tsunamiaren alde egiteko, laguntza handia behar baitzen bertan. Horretarako, urtean zehar ekimen mordo bat egin genituen.

Badakigu boluntario lanek Afrikaraino ere eraman zaituztela. Kontatuko al zeniguke Afrikako esperientziaren berri?
Afrikako kontua duela 25 urte inguru hasi zen, nire kide ziren Salestar batzuk bertara joan baitziren bizitzera eta lan egitera. Nik momentu horretan ez nuen aukerarik izan. Hala ere, beti egon naiz oso interesatuta beste herrialde batzuetan gertatzen denarekin eta zer laguntza eman nezakeen bertan. 2007. urtean Juanjo Gomez izeneko salestar apaiza Floreagara etorri zen hitzaldi bat ematera. Beninen dagoen kaleko umeen proiektu batean egiten zuen lan honek eta guk hemendik laguntzak ematen genizkien. Hitzaldian, umeei esan zien Beningo jantzi tipiko bat ekarri zidala eta hurrengo urtean bertara joan behar nuela. Orduan, urtean zehar eskolako gaztetxoek nekatu gabe aritu zitzaizkidan Beninera joan behar nuela gogorarazten. Nik, pertsonalki, gogo handia neukan, proiektu hori gertutik ezagutu nahi bainuen. Gainera, bide batez Floreaga, Azkoitia eta Beningo kaleko umeen proiektuen artean loturak egin nahi nituen. Honela, 2008an hilabetez joan nintzen Beninera eta handik urtebetera esperientzia errepikatu nuen beste hilabete batez.

Nolako harremanak egin zenituen bertan?
Oso harreman politak izan ziren. Normalean, pentsatzen da, boluntario lana egiterakoan norbera dela laguntzen duena, baina askotan, jasotzen dena ematen dena baino askoz gehiago da. Oso harrera ona egin ziguten eta bertako jendea alaia eta itxaropentsua zen. Teorikoki gu gara aberatsak eta ondo gaudenak, baina tentsio handi batean bizi gara, askotan bizitzako gauza asko ahaztu egiten ditugularik. Haiek ordea, ekonomikoki pobreak diren arren, bizitzaren beste alaitasun bat daukate eta hori transmititu egiten dute.

Gaur egun harremantzen zara beraiekin? Nola?
Bai. Lehen aipatu dudan Juanjo Gomez salestarra bertako buru da eta bi urtetik behin etortzen zaigu hona hango berri ematera. Horretaz gain, hemen inguruko boluntarioak ere joaten dira tarteka eta hauen bidez ere harremanak mantentzen ditugu. Azkenik esan, korreo elektronikoaren, telefonoaren edota facebok-aren bidez ere komunikatzen garela.

Lan boluntarioaren kontu hau lehendik hona nola aldatu dela iruditzen zaizu?
Egia esan, gauzak konplexuagoak bihurtu dira. Izan ere, gaur egun teknikoen beharra dago, gure taldeak ere badu bat. Bestetik, erakunde handietako postuak ordaindu egiten dira eta horrek profesionalizatzea ekarri du. Gurean ez dago horrelakorik, zuzenean misiolariekin aritzen gara.

Jendearen parte hartzeari dagokionez zer aldatu dela uste duzu?
Nire ustez, jendeak borondatea badu laguntzeko eta parte hartzeko. Arazoa da, jendea diru aldetik justu dabilela eta justu ibiltzeaz gain, beldurra daukala. Orduan, diru laguntzak murriztu egiten dira, jendeak errazago ematen baitu jatekoa dirua baino. Gainera, ematen den dirua ondo erabiltzen ez denaren edota erdi bidean geratzen denaren susmoak daude bazterretan, ustelkeria kasuak egon baitira. Horrek, jendeak zuen konfiantza murriztea eragin du. Hala ere, aitortu beharra daukat orokorrean jendea esku zabala dela eta laguntzeko ez dagoela zertan kanpora joan beharrik, hemen ere gauza asko egin baitaitezke.

Gazteenganako zer iritzi daukazu? Alferrak direla uste duzu? Zer nolako parte hartzea dutela ikusten duzu?
Nik ez daukat alferrak diren iritzi hori, nerabeak laguntzeko prest agertzen baitira. Hala ere, urteetan aurrera doazen heinean kezka handiak izaten dituzte, ikasketak nola bukatu, lanean zer etorriko den… Horretaz gain, ongi pasatzeko adina ere badute eta beraz, boluntario lanak batzuetan alde batera uzten dituzte. Hala ere, ez dut uste gazteak alferrak eta lehen baino okerragoak direnik. Tarteka Gipuzkoatik deiren bat edo beste ere jasotzen dugu boluntario lanak egin nahi dituzten gazteenak.

Lehen aipatu duzu lan batzuk profesionalizatu egin direla eta konfiantza falta ere badagoela. Zer kezka edota hobetzeko ikusten dituzu boluntario lanetan?
Nire ustez, arazo larri bat kontzientzia lasaitzearena da. Asko diru pixka bat ematearekin lasai gelditzen dira, baina erakundeek laguntza horiek nola bideratu ongi aztertu beharra daukate. Jatekoa emateaz gain, jatekoa lortzen lagundu behar diegu, heziketa bultzatu , kooperatibak sortu eta emakumeen egoera aldatu. Kontua ez da gu beti beraiei laguntzen egotea, beraien proiektuak aurrera ateratzen laguntzea baizik.

Boluntario lan honek zer aportatu dizu?
Bizipoz handia eman dit. Afrikako esperientziak oso ezberdinak izan dira. Togoko iparraldean esaterako, muturreko pobrezia egoerak ezagutu nituen. Behin, pobladuko buruzagiak honela esan zidan: “Mesedez ez ahaztu gutaz, aurten ez daukagu jatekorik eta”. Kostaldean berriz, egoera hiritarragoa zen. Afrikarrei nire bihotzaren erdia kendu zidatela aitortu nien eta horrenbestez, orain, nire taupadak ez dira osoak. Horretaz gain, esan nien ni apaiza naizela eta seguru nagoela Jainkoa badagoela, baina ez dudala gizon eta bizardun irudikatzen, baizik eta beltza eta emakumea. Izan ere, Afrikan ikusi nuen emakumeak nola ateratzen zuten mundua aurrera.

Amaitzeko, proiektu honekiko buruan duzun desio pertsonalen bat edo ametsen bat kontatuko al zeniguke?
Bai, nire desioa proiektua lehenbailehen independente izatea da. Hau da, gure laguntzarik gabe haur horiek aurrera egiteko kapazak izatea.



No comments:

Post a Comment