2012ko
martxoaren 3an, 3.mailako irakasle ikasketak gauzatzen ari diren ikasleek
hitzaldi bat jaso zuten Bagara elkarteko kideen eskutik. Modu horretan, gaur
egun martxan dagoen proiektu baten berri izan zuten eta honek eskaintzen dituen
aukeraz jabetu ziren. Gainera, graduko ikasleak boluntariotzan trebatu beharko
direla jakinda, hitzaldi honek berebiziko garrantzia hartu zuen informazio
bilketari dagokionez.
ZER DA
|
BAGARA, lehenengo eta behin, definiziotik
bertatik zabalik dagoen prozesu humanizatzailea da: dinamikoa, amaigabea,
baina iparra duena. Bestetik, eragin nahi duen bide bat da. Eta azkenik,
eragile autoeratuentzako bilgune izan nahi du, hauekin batera, konfluentzia
bilatzen duen esperientzia garaikidea izateko.
|
LAU PRINTZIPIO
|
Prozesu honen
pentsaeraren oinarriak eta iparra jasotzen dira ondorengo lau printzipio
(OINARRIPAR deitu zaie BAGARAtik) hauetan.
Euskalduntasuna. Gizartea euskalduntasunetik ulertzen du BAGARAk.
Hizkuntza eta kultura errealitatea konplexua eta zabala direla jakinik, baina
komunitate horretan euskaldun oso izateko aukerak lantzetik. Hori da lehen
oinarria.
Autoeraketa.
Autoeraketaz hitz egiten
hasita, mundu mailan gune pribilegiatu batean dago Debagoiena. Zalantzarik
gabe. Baina XXI. mendea galdera eta kezka berriekin dator. Horiei erantzuteko
autoeraketa intuizio garrantzitsua izango da.
Iraunkortasuna.
Etengabeko hazkunde eta kontsumo
materialean oinarritu den garapen ereduaren ordez, planetaren mugak onartuko
dituen eredu aberasgarriago bat sustatu nahi da.
Elkartasuna/lankidetza.
BAGARArentzat, bailarako
tradizio kooperatiboan oinarrituta, elkartasunak hartu eta emaneko kontzeptua
izan behar luke. Elkarren arteko harremanetik sortzen den bi norabidetako
onura. Lankidetza eta interkoopoerazioa dakarren elkartasun mota horretan
jartzen du BAGARAk arreta.
|
EZAUGARRIAK
“Gure errealitatearen humanizazio alternatibak
garatzeko eta desafio berriei erantzuteko, komunitate logikak berrindartu
behar dira”
|
Galdera
eta erantzun berriak etengabe aurkitzeko grina.
Prozesu zibil bat martxan jartzen da garaiko galdera eta erantzun berriak adimenez aurkitzeko. Eskualdeko indar-gune bereziak baliatu nahi dira horretarako, bailara bera, esperimentazio gune bihurtuz.
Bailara
dimentsioa, Debagoiena. Apur bat atzera begiratu ezkero, bailara hau esperimentala eta
berritzailea izan da esparru sozioekonomiko eta kulturalean. Batez ere bere
burua antolatzeko formulak abiatzerako orduan. Ezaugarri hori badu eta
aitortzen zaio Debagoienari. Bestetik, bailara kontzeptua eta dimentsioa
egokiak
Lekuko
hartze bat Beste belaunaldi baten bultzada dauka BAGARAk bere jatorrian, lekuko
hartze bat, autoeraketa eta lankidetza esperientzia interesgarri honekin
jarraitzeko gogoa.
Eboluzio
bat. Eragile ezberdinen aldetik kezka batzuk konpartitzen dira, nagusiki
kooperatibagintzaren zentzuaren ingurukoak eta herrigintzarekin lotutakoak.
Hortik ipar bat marraztuko duen zerbait ukigarria eta praktikoa sortzeko
beharra sumatzen da.
Salto
kualitatibo berria. Historikoki komunitate zentzua bilatu eta eduki duen bailara honetan,
BAGARArekin -berriz ere-, salto bat eman nahi da norabide horretan. Beste
honetara esanda, komunitate autoeratuaren zentzuan eguneratze eta
berrindartze bat nahi du prozesu honek eta, hori lortzen joateko, orain arte
egin izan diren planteamenduetatik urrunago, saltoa eman beharra dago.
Integrala
eta integratua. Integratua da bere barnean bailarako gizarte indarrak (kooperatibo eta
sozialak) bildu nahi direlako; dagoeneko batzuk bertan daude. Integrala da
edozein komunitateren bizitzarako ardatz nagusi diren esparruak aintzat
hartzen dituelako: sozioekonomikoa (kooperatibagintza biziberrituz),
hezkuntza (kontzepzio sakon eta zabal batean) eta gizarteko gainontzeko arloak,
ekimen komunitario berriak sustatuz.
Norekin. Gizarte eta ekonomia arloko eragile antolatuekin,
batez ere. Horiek dira mugimendu honen bidelagun naturalak. Baina elkarlana
bilatuko da helburuak konpartitzen dituzten erakunde guztiekin.
Ipar
bat, konfluentzia eta interes orokorra.
Bailarako eragileak, azken
hamarkadatan, norabide konpartitu baten premian egon direla nahiko azterketa onartua da. Zentzu konpartitu honek konfluentzia eraginkorrago bat ekar dezake termino humano eta sozialetan. Era berean, norbere erakundearen eta proiektu sozial amankomunaren (interes orokorra) arteko oreka erraztu dezake.
Noraezaren
aurrean, nortasuna eta erroak. Lekuko hartze hau une historiko jakin batean egitea egokitzen da, nortasunaren eta errotzearen desbalorizazioa gertatzen ari den garaian. BAGARAK dio, paradoxikoa badirudi ere, globalitate eta bidegurutze aroan, hortxe jarri behar dela arreta: nortasunean eta lurraldetasunean.
Pertsona
eta komunitatea. Pertsona da komunitatea egiten duena. Hori ezin da inoiz ere ahaztu.
Zaindu beharko da pertsona eta bere beharrizanak eta komunitatea, biak.
Ausardia.
BAGARAk bere printzipioekin
leiala izanda, komunitate eta pertsonaren interesa bilatuko du etengabe.
Jarrera horri ez dio uko egingo, batzuetan ezerosoa izan arren. Bere egiteko
moduan, beraz, ezaugarri hauek egongo dira: erroetara joateko joera,
askatasunez pentsatzeko konbikzioa, zintzotasuna, zorroztasuna, kalitatea,
arriskua eta konplexurik ez edukitzea.
Utopia
ere bada BAGARA. Esperientzia guztiek, eta euskal esperientzia autoeratuek ere bai,
norabidea eta ilusioa galtzeko arriskua daukate, eta baita lehentasunetan
despistatzeko ere. Ametsa bizirik mantentzeko betebeharra bere gain hartzen
du BAGARAk.
|
LAN ESPARRUAK
|
BAGARAk ulertzen du bere
azken helburuetara hurbiltzeko gizartearen ikuspegi osoa behar duela, beraz,
bere lan esparrua ere integrala da. Lehenago ere aipatu izan da ideia hori.
Horregatik, edozein komunitateren bizitzaren erdigunean dauden esparru
nagusiak kontutan hartzen ditu:
EKIMEN KOMUNITARIOEN SUSTAPENA
Edozein gizarteren baitan
berebizikoak diren esparruak aztertu eta hauetan eragiteko ateak zabaltzen
ditu sustapen arlo honek. BAGARAren printzipioetatik abiatuta, sektore
estrategikoetan kokatutako zenbait ekimen abian jartzea da esparru honen
helburua. Komunitatea indartzeko, gizartegintza abiapuntu gisa edukitzea
berebizikoa da; eta era berean, jokaleku lokala aintzat hartuz, bertatik bertarako
ekimenak pentsatzea. Ikerketa eta ekintzarako lan-metologia bat garatu da
horretarako. Izan ere, norabidea eta euskarri teorikoa duen ekintzailetasuna
sustatu gura da BAGARAtik.
HEZKUNTZA
Osotasunari begiratuz gero,
esparru hau ere erdierdian agertzen da. Eskualde bateko komunitatearen garapenean
ezinbestekoa da hezkuntza esparrua eraldaketarako giltzarri garrantzitsu
bezala kontutan hartzea. Hezkuntza betebehar soziala da, ikastetxeetatik
harago doan egin beharra, gizarteko beste eragile askorekin partekatu
beharreko eremua. Hortik heltzen dio BAGARAk hezkuntza esparruari,
pertsonaren eta komunitatearen garapen integralerako esparru bezala, gizarte
ekintza orok duen dimentsio hezitzailea kontutan hartuz, eta hezkuntza
jarduera bizitzako aldi jakin batera mugatu barik. Ikuspegi hau garatzeko
inportantea da Debagoienako hezkuntza eragile guztiak, haurtzarotik
unibertsitate garaira arte luzatzen den aldian eragina dutenak, garapen
komunitarioaren estrategietara ekartzea.
Horiez gain, beste hezkuntza-eragile
batzuk erakartzea ere funtsezkoa da. Esate baterako, hezkuntza kooperatiboan
ari direnak eta hezkuntza ez formalean dabiltzan eragile sozialak. Hezkuntza
estrategia honek biderkatzailea, bateratzailea eta eraldatzailea izan behar
du. Azken batean, hezkuntza esparru hau amankomunean izango dute Debagoieneko
etorkizuneko biztanleek.
KOOPERATIBAGINTZA BIZIBERRITZEKO ESPARRUA
Hasteko, esan behar da
bailara honetanNesperientzia kooperatiboa inportantea izan dela, eta dela.
Hemengo gizarte eta ekonomia logikak ulertzeko nahitaez begiratu behar zaio
kooperatibagintzari. Baina bestetik, azken urtetan, kooperatibagintzaren
zentzuetan eta ilusioetan hozte bat gertatu dela onartuta dago han eta hemen.
Zentzuak berreskuratzeko estrategiak bat baino gehiago izango dira, baina
edozein modutan, BAGARAk kooperatibei zentzua eskaini diezaiekeela uste da
eta alderantziz ere bai.
Horrela, eta nolabait
kooperatibak beren jatorrizko testuingurura –herrira- ekarriz, kooperatibak
herrigintza egiteko indarrak izan daitezke. BAGARA saiatuko da kooperatibak
herrigintzarantz ekartzen eta herrigintza kooperatibetarantz.
BAGARA rentzat inportantea da
atal honetan aurreratzea. Izan ere, kooperatibagintza fenómeno sozioekonomiko
autoeratua izateaz gain, ukaezina da gizarte eraldaketarako daukan
potentziala.
Horregatik guztiagatik,
gertutik zaindu eta bultzatuko da esparru hau.
|
SEKTORE BAKOITZEAN EGIN DEN
GOGOETA ETA DIAGNOSTIKOA
|
IRAUNKORTASUNEAN:
Ingurura begiratzea nahikoa
da gure bizimodu ereduak iraunkorretik gutxi duela ikusteko: kontsumo erak,
lurraren erabilera, industriaren nagusitasuna, bizitza erritmoak, aisialdi
eredua, kutsadura maila, mugikortasuna, etab. Iraunkortasuna beraz, egungo modeloaren
alternatiba eraikitzearekin lotuta dago. Mundu mailan gertatuko diren
aldaketa klimatiko eta energetikoek horretarako aitzakia inposatzen digute
gainera, egoera berrira egokitzera jo behar dugularik, trantsizio ordenatu
baten hautua egitera hain zuzen. Horretarako ikuspegi lokaletik ekin eta
komunitatetik aritzeko beharra dago, hori baita bertatik bertara eta tokian
tokiko beharrei erantzuteko modu interesgarri eta emankorrena.
KONTSUMOAREN HUMANIZAZIOAN:
Kontsumoa deitu izan dena
joera estrukturala da gure gizartean eta saihesteko zaila. Gure bailarari
dagokionean gainera kontsumismoa gure bizimoduaren nahitaezko protagonista
bihurtu da. Berdin dio munduko beste puntan ekoitzitako produktuak diren,
salerosketa gune handietara iristeko zenbat kilometro egin duten, horiek
ekoizteko zein lan-baldintzatan lan egiten den, etab. Gero eta merkeago eta
gero eta gehiago erosi, hobe: hori da araua.
Hala ere, kontsumoaren
inguruan bestelako balio batzuk dituzten praktikak ere txertatu daitezke,
modu batera edo bestera, gizarte eraldaketarako palanka ere bihur
daitekeelako kontsumoa. Adibidez, era honetako produktuak kontsumituz:
bertakoak, salneurri justukoak, ekologikoak, bigarren eskukoak, etab.
Kontsumo arduratsuago bat posible da, eta horretarako aukerak zabaldu eta
eskaintzea, ezinbestekoa. Debagoienean badira gai hau jorratzen duten zenbait
eragile, baina erronka nagusia, herritar gehienek praktikatu dezaketen
kontsumo estilo eta ereduak sortzea da.
IMIGRAZIOAN:
Debagoienak dituen ezaugarri
bereziak kontutan hartuta migratuen integrazio sozio-ekonomiko eta
sozio-kulturalerako eredu egokiak garatu al ditzakegu? Nola heldu diezaioke
gure komunitateak pertsona hauen etorreraren eta integrazioaren gaiari? Eta
nola gerturatu ditzakegu gure kultura, hizkuntza eta bizi moduetara? Izan
ere, gero eta errealitate anitzagoetan bizi gara, munduko hamaika jatorritako
pertsona eta komunitatek bat egiten dugu eremu komunetan; komunitatearen
erronka interesgarrienetakoa izan daiteke aniztasun hori guztia
aitortu, elkarrengandik ikasi eta jakintzaz eta esperientziaz aberatsagoak
izango diren harremanak eraikitzea.
Interesgarria dirudi BAGARAren izaeraren eta
bailararen ezaugarri diren bi ildo nagusietatik sakonduz, gerturapen hau
bilatzea: euskalduntasunetik eta autoeraketatik hain zuzen ere. Modu
erakargarrian egin behar da hau, aniztasunari erantzunez (immigratuena ez
delako kolektibo homogeneo bat) eta gaiaren inguruan dabiltzan eragileekin,
ekimen bateratu eta interesgarriak proposatuz.
GAZTEEN KONPROMISORAKO HEZKETAN:
Esparru honetan
gogoeta/diagnostikoa eta ekimena sinkronian joan dira. Ekimen bat zehaztera
berehala iritsi zen. Ia hasteaz bat ikusi zen gazteen hezkuntzan lan egitea
aproposa zela eta horretan zentratu izan da talde honen lana. BAGARAren
printzipioetatik abiatuta, ipar horrekin bat egin zezakeen gazte jendea hezi
eta ekintzarako prestatu nahi izan da esparru honetan. Gazteak herrigintzan
aritzeko hezkuntza proiektua gauzatu nahi izan da, hezkuntza akademikoaren
osagarri izan daitekeena, baina betiere herrigintzan aritzeko prestakuntza
helburu duena.
Autoeraketaren bidetik, gazteak bailararen biziberritze egitasmoan
protagonista izatea beharrezkoa ikusten da, euren proposamenak garatzeko.
KULTURGINTZAN:
Kulturgintza aberatsa du
Debagoienak oro har, eragile aniztasun handia, ekimen mordoxka eta egitarau
mardula, eta besteak beste, herri ezberdinetan gune kultural eta festa
antolakuntza kultura interesgarria. Hala ere, BAGARAn aniztasun guzti hori
aitortu baina jauzi kualitatibo baten beharraren gainean hausnartzea izan da
helburua. Izan ere, zer da kulturgintza?
Kulturak, espresio bide
bezala, hiru logikari erantzuten dio: merkatuaren logikari; erakunde
publikoen kultur politikari; eta herri mugimendu antolatuaren logikari.
Hiru gune horiek behin eta
berriro topo egiten dute Debagoieneko kulturgintzaz dihardugunean. BAGARAtik
sustatu gura den ildoa, zalantza barik, hirugarren arloa (herrigintzatik
datorrena) eta bertatik datozen ekimenak izango dira. Hori baita edozein herri
kulturaren ardatza. Are gehiago, euskarazko kulturgintzaz dihardugunean. Eta
zergatik da garrantzitsua BAGARArentzat euskal kulturgintza? Euskaltasuna
biziberritzeko alor garrantzitsutzat jotzen dugulako; nolabait, kulturgintzak
komunitate baten nahiak, ametsak eta bizi-gogoak elikatzen baititu.
ETXEBIZITZAN:
Etxebizitza bat alokatu edo
erosi ahal izatea pertsona ororen oinarrizko eskubidea da. Aldiz, pertsona
eta familia gehienentzat etxebizitza duin bat eskuratzea arazo handia da.
Europako beste herrialde askotan ez bezala, non alokairua den etxebizitza eskuratzeko
biderik erabiliena, Euskal Herrian erosketaren alde egitendu biztanleriaren
gehiengoak. Hori dela eta, azken bi hamarkadetan nabarmen egin du gora
etxebizitzen eskaintzak, eta ondorioz baita prezioak ere. Esan genezake,
etxebizitza eskubide bat izatetik luxu bat izatera pasa dela. Egun, ordea,
faktore berri garrantzitsuak azaldu dira. Etxebizitzaren krisia eta
eraikuntza berrien moteltzea kontuan hartu beharreko gertakariak dira.
Debagoienan ehunka dira bukatu gabe eta saldu ezinik dauden etxeak.
Denbora honetan lan taldearen
dinamikak erakutsi du etxebizitzaren problematikaren konplexutasuna.
Konplexutasun honek proiektuaren identifikazio eta definizio lanak zaildu
egin dizkio lan taldeari.
NEKAZARITZAN:
Beharbada, Debagoienan, azken
hamarkadatan gehien alboratu den sektorea da nekazaritzarena. Bestelako
ekoizpen sektore batzuk indartzen joan diren heinean, nekazaritzari ez zaio
behar zuen garrantzirik eman. Ezin ahaztu daiteke ordea, nekazaritza dela
eskualde baten arnas gune garrantzitsuena, bere kulturaren oinarri eta
gordelekua, eta batez ere, herri batek bizirauteko behar duen elikagaien
jatorria. Mende berri honetan lekuan lekuko produktuen aldeko apustua egitea
ezinbestekoa izango da.
Esan daiteke lur langarria
badagoela bailaran, baina nork landu falta da kasu askotan. Bestetik, badago
bailaran kontsumorako eta kontsumo ekologiko eta tokikorako masa kritikoa.
Bada sentsibilizazio maila bat produktu ekologiko eta gertukoen inguruan, eta
sentsibilizazio horretan sakontzeko potentziala ere bai. Autoeratzeko
ohiturak ere lagun dezake.
|
ARRASATEKO AZOKA BIRPENTSATZEKO EGITASMOA
Arrasaten herri eragile eta herritarrok aukera paregabea dugu parez-pare:
Arrasateko azoka birpentsatu eta herritarron beharrei erantzungo dion gune
bizi, atsegin eta erakargarria sortzeko aukera dugu. Herritarron bizi kalitatean eragingo duen
azoka-gunea eraiki nahi dugu. Logika merkantilista hutsek asetzen ez dituzten
premiei erantzungo dien gunea: herriko merkataritza indartzea, elikadura
osasuntsua bermatzea, hurbileko nekazaritza sustatzea, biztanleon arteko sare
eta harremanak indartzea, kontsumo ohitura iraunkorrei eta solidarioagoei bide
ematea, gure umeen zaintza eta aisialdi egokia eskaintzea … Bizitzeko modu osasuntsuagoa,
solidarioagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko urrats berria emateko aukera dugu
ekimen honen bitartez.
…UREZTATU
|
Nondik
abiatzen da ekimen hau?
Bagarak,
Arrasateko Udalaren babesarekin, sustatzen du Azoka birpentsatzeko ekimena,
baina Arrasate eta inguruko herritar eta eragileei zabaldu nahi zaie
ekimenaren protagonismoa.
Esan bezala,
azoka herri-eragile eta herritarren parte hartze eta lankidetza zabalarekin
berreraiki nahi dugu, helburuak partekatuz, eta gure arteko sinergiak
baliatuz.
Zein
jardueraren bidez biziberritu Azoka-gunea?
Azokaren ohiko
jarduerei ildo berritzaileak batuz. Aukerak anitzak dira eta ekarpenak
ugariak izan daitezke. Orain artean herri eragileekin egindako bidean hainbat
eta hainbat bururatu zaizkigu: bertako nekazaritzaren eremua, bidezko
merkataritza, jolasgune estalia, bigarren eskuko gunea, elikadura eta
zaintzarako gunea, kultur ekitaldien gunea, artisautza, truke dinamika, …
Nola
parte hartu?
Ekimen
honek zentzua du, eragile eta interesa duten herritar guztien artean
gauzatzen badugu. Proposamenak bildu eta egitasmoaren bideragarritasuna parte
hartze prozesu baten bidez egin nahi dugu. Horretarako, eta partaidetza
errazteko, parte hartze modu eta aukera desberdinak zabalduko ditugu:
proposamenak landuko dituzten lan taldeetatik hasi eta proposamenak adostuko
diren herritarron bilkuretaraino. Ume, gazte, heldu, nagusi, gizon, emakume,
merkatari, kooperatibista, nekazari, langile, langabetu, etorkin, guraso … parte
hartu nahi?
|
No comments:
Post a Comment