ORRIALDEAK

2012/05/01

INTXORTA 1937 Kultur Elkartea

Intxorta Elkarteko kideek Huhezin egon ziren pasaden hilabetean irakasle ikasketak gauzatzen ari diren hirugarren mailako ikasleei hitzaldi bat emateko nahian. Bertan azaldutakoaren berri emateko, ikasle batek egindako lana aurkeztea modurik egokiena ikusten dugu. 

Hona hemen, Ane Albisuk egindako lanketa hitzalditik jasotako informazioa erabiliz:

       

                                        Intxorta 1937 Kultur Elkartea

Musutruk. Horixe da askori burura etortzen zaien hitza lan boluntarioa entzuterakoan. Egia esan, nire burua ez dut zaku horretatik at ikusten, izan ere, duela urte batzuk arte nire pentsatzeko modua ere horrelakoa zen. Askok pentsatuko duzue erabat txoraturik nagoela eta hori idazteak ez duela ez hanka ez bururik, baina badu azalpena eta hori azaltzen saiatuko naiz hurrengo lerroetan. Azaltzen saiatzeaz gain, ulerterraza izatea espero dut eta horrekin batera zure gustukoa.

Aurreko astean, Intxorta 1937 Kultur Elkarteak Huhezin eskaini zuen hitzaldira joateko aukera izan nuen eta kapera bertako hotza eta egurrezko eta beirazko atea atzean utzirik, nire buruari eragiten hasi nintzen.

Hitzaldiko hitz gakoa: EGIA. Euskal Herrian, Gerra Zibila kausatu zen garaian, sekulako sufrimendua jasan zen eta elkarte honen helburua garai hartan geratutakoa jakitea da elkarrizketa ezberdinen bidez. Beraien lana guztiz boluntarioa da, ordainetan ez dute dirurik jasotzen eta horregatik jende askok deritzo musutruk egiten dutela lan. Alde batetik arrazoi dute, baina asko pentsatu eta hausnartuz gero, nire aburuz ordainetan dirua baino garrantzitsuagoa diren beste hainbat gauza lortzen dituzte. Kasu honetan, garai hartan gertatutako historia eta egia jakiteko aukera, jende berriarekin elkartzeko aukera, poza kasu batzuetan… Beraz, musutruk egiten al dute lan? Ez al dute ordainetan beste zerbait jasotzen?

Dena dela, aipatu beharra dago, bizi garen gizartea kapitalista hutsa dela eta horrek denbora guztian diruan pentsatzera eramaten gaituela eta hare gehiago jasaten ari garen garai hauetan…  Horregatik bizi maila eta ekonomi egoki bat eduki behar da lana egin eta ordainetan dirua ematen ez duten gauzetan aritzeko. Hori horrela, gero eta miresgarriagoa iruditzen zait oraindik ere boluntario lanetan ibiltzen diren horien ekimen eta gogoa.

Ni ere, elkarte honetako kideak bezalaxe, boluntario lanetan ibilitakoa naiz eta lana egin ondoren lortutako emaitzek ematen duten alaitasuna, ongizatea, harrotasuna… balantza batean jarriz gero, dudarik gabe diruari irabazten diote. Ondorioz, horrelako lanetan sekula ibili ez direnei aukera hori dastatzera, munduarekiko perspektiba zabaltzera… animatzen diet eta hori egin ondoren berriro ere hitz hauek irakurtzera. Seguru aski, nire hitzak askoz ere hobeto ulertuko dituzte eta beste mota bateko hausnarketa egitera iritsiko dira edo agian ez, nork daki.
  
Ane Albisu

Informazio gehiago nahi izatekotan, honakoa da Intxorta Kultur Elkartearen webgunea:

No comments:

Post a Comment