ORRIALDEAK

2012/05/01

Materia berria gizarte beharrei erantzunda


Heziketak, betidanik bete izan du funtzio garrantzitsua gizartean. Beraz, gizartea eraldatzen doan heinean, hezkuntzari dagokion funtzio soziala ere aldatzen da, azken honen egitekoa baita gizarteak islatzen dituen beharrak asetzea. Arazoa da, ez dela erraza gizartea eta hezkuntzaren artean egon beharko litzatekeen  erlazioa zein den zehaztea elkarmenpekotasuna adierazten baitiote elkarri.

Zer nolako gizartearen parte gara?



Hori dela eta, Huhezitik hezkuntza aldaketen beharra sentitzen dugu. Helburua da haurren garapen integrala bideratzeko prestakuntza duten profesional trabatzea. Profesional horiek haurren familia, gizarte, eta kultura-ingurua kontuan hartuko dute eta, ondorioz, haien beharrei erantzun egokia eskaintzeko prest bilakatuko dira. Profesional burutsuak, sortzaileak eta konprometituak hezi nahi ditugu, errealitatearen interpretazio kritikoak egiten dutenak eta, aldi berean, gizarte aldakorrera egokitzen direnak.

Hau guztia kontuan izanik, 2011-12 ikasturtean, hezkuntza graduko hirugarren mailan materia berri bat ezarri dute, Euskal Herriak urte hauetan zehar emandako bilakaera soziala dela eta. 




ZEINTZUK DIRA MATERIA BERRI HAU SORTZEAREN ARRAZOIAK?

Ikasleei zerbait jartzen diegunean begien aurrean, zerbait erakusten ari gara; ikasleei begien aurrean jarritakoa barneratzen laguntzen diegunean, zerbait irakasten ari gara; geure burua denean ikasleen begien aurrean jartzen dugun eredua, hezten ari gara.

Badakigu heztea ez dela soilik informazio jakin bat transmititzea ikasleei; horrez gain, bizitzarako trebatu, gaitu eta prestatu nahi ditugu, eta inguruarekiko jarrera konprometitua har dezaten bultzatzen ahalegintzen gara. Ikasgai honetan, geu jarriko gara harremanetan inguruarekin, eta gure jakintza eta trebetasunak jarriko ditugu inguruarekiko konpromisoaren zerbitzura. Duda barik, zuetako askok dagoeneko parte hartzen dute ingurunearekiko konpromisoa helburu duen erakunde edo ekimenen batean. Konpromiso hori modu askotara gauza daiteke: irakasle herriko dantza taldean, mendi-talderen baten antolaketa, gazteentzako ekimenak...

Zergatik konpromisoren batean oinarritutako materia bat? Zein da helburua? Zer eskaintzen dit niri materia honek?

Esan bezala, materia honen ardatzetako bat konpromisoa da, eta konpromiso horretan oinarrituta, ikasleek zerbitzu bat eskainiko diote haien inguruari. Hala ere, ezin dugu ahaztu jarduera hori materia baten baitan kokatzen dela, eta ikasketen helburua ez da zerbitzua eskaintzea, zenbait ezagutza eta konpetentzia garatzea baino. Hain zuzen ere, eskainiko den zerbitzua Ikasketak eta Zerbitzua (I+Z) izeneko metodologia baten parte da; metodologia horren helburua da ikasleek dituzten ezagutzak eta konpetentziak zerbitzu baten mesedetan jartzea, eta aldi berean, zerbitzu horren lanketan, beren formazio profesionalerako baliagarri izango zaizkien beste ezagutza eta konpetentzia batzuk garatzea. Aldi berean, ikasleek aukera izango dute hobeto ezagutzeko inguratzen dituen errealitatearen zenbait arlo, etorkizunean beren jardueran eragina izango dutenak edo izan dezaketenak.

Esandako guztiak berezi egiten du materia hau, eta materiaren baitan eskainitako zerbitzuak ere ezaugarri jakin batzuk bete beharko ditu:

  • Zerbitzuak aukera eskaini behar dio ikasleari bere jardun profesionalean erabilgarri izango zaizkion ezagutzak eta konpetentziak garatzeko.
  • Zerbitzuak jendarteko beharrizan erreal bati erantzun beharko dio.
  • Ez da jasoko konpentsazio ekonomikorik eskainitako zerbitzuagatik, ez ikasleak ez haren laguntza jasotzen duen erakunde edo taldeak.


HELBURUAK


Materia honekin, helburu zuzen hauek lortu nahi dira:


  • Eskolaren dimentsio soziala ulertzea eta orobat, haren inplikazio sozialarena.
  • Irakasle, ikasle, guraso eta komunitatearen arteko lankidetza ahalbidetzen duten baliabideak ezagutzea.
  • Inguruko ekimen boluntarioen eta GKEen berri izatea.
  • Autoeraketa motak ezagutzea.
  • Kultur sistema osatzen duten elementuak definitzea.
  • Diziplinarteko ezagutza-arloak baliatzea askotariko jarduerak planifikatzeko.

Materia honekin, zeharkako helburu hauek lortu nahi dira:
  • Lanak zuzen eta egoki egiteko behar den hizkuntza-gaitasuna garatzea.
  • Komunikazio eraginkorrerako estrategiak garatzea, bai ahoz eta bai idatziz, informazio teknologiak modu egokian erabilita.
  • Jarduerak antolatu eta kudeatzeko trebetasunak garatzea.

KONPETENTZIAK

Materia honekin, konpetentzia zuzen hauek lortu nahi dira:

  • Balioetan oinarritutako heziketa-jarduerak garatzea, herritar aktibo eta parte-hartzaileak prestatzeko bideratuta.
  • Hezkuntza-komunitatea edota inguru soziala osatzen duten sektoreekin lan egitea.
  • Hezkuntza inguruarekin lotzea, eta lankidetzan aritzea familiekin edota komunitatearekin, oro har.

Materia honekin, zeharkako konpetentzia hauek lortu nahi dira:


  • Talde-lana
  • Ikasten ikastea
  • Lanaren ikuspegi osoa
  • Komunikazio eraginkorra


EDUKIAK & METODOLOGIA

Materian zehar landuko diren edukiak askotarikoak izango dira, eta hein batean, aldatu egingo dira ikasleek aukeratzen duten proiektuaren arabera, proiektu horren ezaugarri eta beharretara egokitzeko. Hala ere, badira zenbait eduki ikasle guztiek ezagutu beharko dituztenak, eta horiek ondoko puntuetan zehazten dira:

  • Ikaskuntza eta Zerbitzuan oinarritutako metodologia.
  • Ordainsaririk gabeko jarduerak: auzolana, gizarte-mugimenduak, irabaz asmorik gabeko erakundeak.
  • Autoeraketa.
  • Hainbat ekimenen lekukotzea.

Erabiliko den oinarri metodologikoak ardatz hartuko du Ikaskuntza eta Zerbitzua (I+Z) eta lan kooperatiboa. Metodologia horrek eskatzen du ikaslea inguruko beharrizan errealetara hurbiltzea, haiek ezagutzea, eta berak garatutako irakasle-konpetentziak baliatuta, beharrizan horiei erantzutea.Horretarako, kasu batzuetan, irabazi asmorik gabeko erakundeekin arituko gara lankidetzan, eta ikasleek bertan egingo dute lan materiari dagokion ordu-kopuru zehatz batean. Aldi berean, HUHEZIko irakaslearen laguntza izango dute eskainitako zerbitzua eta materia uztartzeko.







No comments:

Post a Comment